Feminismoaz danok aurrera goaz! da aurten aukeratu duten leloa –lelo hori bera irakurri ahalko da domekan Seber Altube plazatik irtengo den manifestazioan (13:00)–, eta ekintzak gaur bertan hasi eta hilaren 22an amaituko dira. Biharko, esaterako, egun osorako plana antolatu dute: goizetik eguerdira emakume artisau eta baserritarren azoka egingo dute Seber Altube plazan eta ondoren, gaztetxean, "bertso-bazkari feminista" egingo dute.
Txartelak Ekinen eta Emakume Txokoan eros daitezke; ikasleek zein langabeek bost euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek, berriz, hamar euro. Eguna borobiltzeko, jaialdia egingo dute gaztetxean bertan.
Ekintza txikiekin, helburu handiak
Aldarrikapenerako eta "kontzientziak pizteko" ekintza nagusia etzi, domeka, egingo dute. Izan ere, kaleetan zehar triki-poteoa egin ostean (12:00), manifestazioa egingo dute. Bestalde, Ekintza txikiak, helburu handiak izeneko kartelak iragarri ditu Martxoaren 8aren bueltan antolatu diren ekintzak. Lau emakumez osatutako Perlata taldeak egin du kartela, eta 450 euro jaso dituzte. Izenburuak dioen moduan, egileek ekintza txikiekin helburu handiak lortu gura dituzte.