Ubarretxenak honakoa adierazi du prentsa ohar bidez: "Duela hilabete batzuk, ondorioak aztertu gabe eta sor zitezkeen trafiko arazoei irtenbiderik eman gabe, Udal gobernuak Arrasate pasealekuan obrak egitea erabaki zuela salatu genuen. Bagenekien pasealekuaren itxierak traba eta eragozpen handiak eragingo zizkiela arrasatearrei, ibilbide berriak luzeagoak eta aldrebesagoak direlako".
Hala ere, Bilduk euren eskaeren aurrean "entzungor" egin zuela salatu du EAJk: "Azterketarik ez zela beharrezkoa erantzun ziguten eta kalea obrek iraun bitartean itxiko dela esan, eta gero ikusiko zela", dio Ubarretxenak.
Honakoa ere gaineratu du Ubarretxenak: Takolo-Goiru proiektua onartu zen udalbatzan ez ziren publikoki honen berri ematera ausartu eta trafiko mozketa ahalik eta gehien mugatuko zutela esan zuten obrak egin bitartean; beraz, ez dute emandako hitza bete".
Parte-hartze ezaren gainean ere kritika egin dio Udal Gobernuari EAJko alkategaiak: "Herritarren eta beste alderdion iritzia aintzat hartu gabe, auto gidariak kale zati hau ez erabiltzera behartu ditu, oinezkoentzat bakarrik bihurtzeko aurreneko pausu modura. Non dago hainbestetan aldarrikatu duen herritarren parte-hartzea?".