Ekintzaz betetako kultura gida prestatu du Udalak martxorako

Maialen Torres 2015ko ots. 27a, 11:21

'Itzalak-txoriak' ikuskizuna.

Filmen, antzezlanen, operaren eta bestelako ikuskizunen artean, ez dute aspertzeko tarterik izango arrasatearrek martxoan. Arrasate Musikaleko bandaren kontzertuak irekiko du egitaraua bihar, 12:30ean, baina astean zehar ere izango da zer egina.

Astelehenean zabalduko dute ARTEAN. Hamaika emakume artista izeneko erakusketa. "Zentzumenak jokoan jartzen ditu, eta errealitatera hurbiltzeko modu bat da; edo ez", aurreratu dute antolatzaileek. Martxoaren 2tik 28ra egongo da ikusgai, Kulturateko klaustroan.

Eguaztenean, umeentzako ipuin kontaketa eta Jostunak dokumentalaren proiekzioa egingo dituzte, Kulturaten bata, eta Amaia antzokian bestea. Gure Esku Dagok antolatuta, ikus-entzunezkoan, "herritarren borondateak jositako istorio bat" ezagutuko dute bertaratzen direnek, 19:00etan.

Martxoaren 7an, berriz, Dantzaz konpainiak Itzalak-txoriak ikuskizuna taularatuko du Amaia antzokian. Bi zati ditu, eta Arriaga eta Laboa musikarien lanak ekarriko ditu Amaiara. Lehenengoan, Paolo Mohovich koreografoak itzalak arakatzen ditu, eta bigarrenean, Josu Mujikak Laboaren unibertsoa gogoratzeko dantzak sortu ditu. Bi koreografoek, euren lanak uztartuta, dantza garaikidea mota guztietako ikuslegoari gerturatu nahi diote, "mugimenduaren musikaltasuna" bertatik bertara sentiarazita.

Ekintza gehiago ere egongo dira, ordea: Pucciniren Tosca opera eta Erdibana antzezlana, besteak beste. Guztien informazioa zein ordutegia martxoko kultura gidan izango da ikusgai, baita Udalaren webgunean ere.

Zinema eskaintza zabala

Umeentzako, Disneyren Into the woods film musikala izango da lehen aukera bihar, 17:00etan. Ondoren, 19:30ean, Oscarretan hainbat sari eskuratu dituen Whiplash izango da ikusgai, bateria-jotzaile gazte baten arrakasta desioaren eta irakasle zorrotz baten gogortasunaren arteko talka kontatzen duen filma.

Horiez gain, La teoria del todo, Siempre Alice eta denbora gutxian hain entzutetsu bihurtu den 50 sombras de Grey ere izango dira datozen asteburuetan. Asteartetan berriz, bestelako pelikulak eskainiko dituzte Amaia antzokian, besteak beste, Tim Burtonen Big eyes eta Andrei Zvyagintsev errusiarraren Leviatán, Errusiako ustelkeria eta beste hainbat gatazka azaleratuz, herrialdean bizi duten errealitateari kritika egiten dion filma.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak