Ibai-Arte txartelaren abantaila guztiak ditu Visa Arrasate-Mondragon txartelak: iraungitze datarik gabeko puntuak ematen jarraituko du erosketa txartelen truke, deskontuak, promozioak eta opariak eskainiko dizkie erabiltzaileei, eta ordainketak hiru hilabetetan burutzea ahalbidetuko du oraindik, inolako interesik gabe. Gainera, saltokiek zerbitzu osoago bat eman ahalko dute txartelari esker, elkarteak aldiro-aldiro antolatzen dituen zozketetan parte hartzeko aukera eskainiko baitiete bezero fidelenei.
Udalatx eta dragoia
Beste ezaugarri batzuk nabarmentzen ditu Ibai-Artek: "Azkenera doan txartel modernoa izango dute eskuragarri erabiltzaileek, doan eta contacless tekonologiarekin. Edonon erabili ahalko dute, munduko bazter guztietan, eta Arrasateko irudiari esker (diseinuan Udalatx eta dragoiaren irudiak txertatu dira), bezeroak nongoak diren ikusarazteko mesedegarria izango da. Arrasatear bakoitzak jatorriaren zatitxo bat eramango du poltsikoan, eta munduan barrena erakutsiko du".
Egileen esanetan, Visa Arrasate-Mondragon txartela sortzeko erabakia "bat dator egungo garaiekin, eta ezinbesteko giltzarri izatea du helburu, azken boladan gogor jotako bailarako ekonomiari bultzadatxo bat emateko eta zuzenean laguntzeko asmoarekin".
Arrasateko saltokien elkartea lanean dabil txartel berria inguruko elkarte, enpresa, erakunde eta beste motatako elkarteek ere txanpon sozial gisara erabil dezaten. Txartelaren bitartez, erosketa txartelak eskainiko diete beharginei, doan inolako gasturik gabe.
Datorren astean aurkeztuko du ofizialki elkarteak txartel berria.