Gesalibar auzoko baserri bide bat mugitu egin da euriteen eraginez

Goiatz Arana Begiristain 2015ko ots. 24a, 14:33

Pitzadurak alderik alde zeharkatzen du bidea.

Parraia, San Jurgi, Zabolain, Atxabal eta Etxebarri baserrietara doan bidean gertatu da pitzadura eta asmoa da negu-udaberrian zehar bide hori ixtea eta, ahal bezain azkar, pitzadura konpontzea. Bidea alderik alde zeharkatzen du pitzadurak eta, egoera aztertzera joan den Udal teknikariaren esanetan, bidearen gaineko zein azpiko lursailetan ere izan da lur-mugimendua.

Pitzadurak bederatzi zentimetroko zabalera du puntu batzuetan eta, garrantzizko interbentzio bat egin ezean, une honetan ez dago jakiterik bideak izandako mugimenduaren larritasun maila zein den. Segurtasun kontua izanik, Udaletik adierazi dute ahal bezain azkar itxiko dutela agertu den pitzadura. Era berean, atzoko Tokiko Gobernu Batzordean onartu egin zuten Parraia, San Jurgi, Atxabal, Zabolain eta Etxebarrira doan bidea ixteko proposamena; Biziola baserriaren alboan egingo dute itxitura. Printzipioz, bidea neguan eta udaberrian zehar itxiko da eta, denbora tarte horretan, egoeraren jarraipena egingo dute. Ondoren, garai lehorrean, eta bideak izan duen eboluzioaren arabera, azterketa tekniko zehatza egin eta erabakiko dute zer egin.

Aipatutako baserrietara joateko bide alternatibo bat dago, Atxabalpe eta Garagartzako harrobiko bidetik.

Duela bizpahiru aste atzeman zuten pitzadura.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak