Zabaldu zure etxea, Irabazi segurua da kanpainaren leloa. Alokabideren bitartez, alokairu sozialera bideratzeko etxebizitza hutsak bereganatu nahi ditu. EAE osoan dabiltza kanpaina egiten, eta Arrasaten eguaztenean eta eguenean izango da Seber Altube plazan (10:00-18:00).
Gura duten guztiek alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko aukera izatearen helburu sozialaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta euskal udal guztiek ere hutsik dauden etxebizitzen arazoa konpartitzen dute. 80.000 halako daude EAEn, etxebizitza guztien %8,7. Alokabidek uste du etxebizitza horien erdiak bidera daitezkeela alokairura.
Bizigune eta ASAP programak
Alokabideren iritziz, "kanpaina hau berebizikoa da etxebizitza hutsen jabeek Eusko Jaurlaritzak abian jarritako programen berri izan dezaten". Horien bidez, etxebizitzak errentan eman ditzakete "Eusko Jaurlaritzaren berme osoarekin, hileroko errenta bermatuz eta baita etxebizitza egoera onean bueltan jasoko dutenaren bermearekin".
Etxebizitzak errentan emateko, Bizigune eta ASAP programak daude jabeen eskura, eta horien gaineko xehetasun gehiago jakin ahal izango dituzte herritarrek eguaztenean eta eguenean.
Kanpainaren stand-ak egongela eroso baten itxura dauka, eta horretara gerturatu ahal izango dira arrasatearrak datozen egunotan.