Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara begira, Debagoieneko EH Bilduk Euskal Bidearen aurkezpena egingo du etzi. Deitzaileen arabera, Euskal Bidea demokrazian oinarritutako proposamena da: "Herritarrei hitza eta erabakia ematea du helburu. Herritarrek, guztiaren gainean erabakitzeko eskubidea izan behar dutela pentsatzen dugu. Estatu espainiarraren eta frantsesaren inposizioen gainetik etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea lortzeko bidea da Euskal Bidea; baina era berean, banketxe eta multinazionalek gatibu duten demokrazia berreskuratu nahi dugu herritarrentzat, gure etorkizun ekonomiko eta soziala ere erabakiz", adierazi dute.
Euskal Estatua
Era berean, koalizioak jakinarazi du Euskal Bidearen beste oinarri batzuk direla, besteak beste, "ongizatea eta oinarrizko hizkuntza eta kultur eskubideen berreskurapena". Gaineratu dute lurraldez lurralde eta arloz arlo hartu gura dituztela erabakiak eta erabaki horiek guztiak herritarrek hartu behar dituztela. Helburu horretarako "Euskal Estatua" aldarrikatu du EH Bilduk: "Eskubide guztiak eta herritarren ongizatea bermatzeko Euskal Estatua da EH Bilduren uste apalean aukerarik onena, baina, baldintza bakarra herritarrek euren etorkizuna erabakitzea eta erabakitzen dutenarekiko errespetua izan behar da".