Kadete, gazte eta junior mailetako Euskadiko txapelketak jokatu ziren Anoetan. Junior mailako pertiga jauzilaririk onena izan zen Dapena arrasatearra. 4,60 metroko jauziaren lortu zuen urrezko domina, baina 4,81 metrotan ere saiakera egin dzuen. Gutxigatik kale egin zuen, baina begiz jota dauka altuera hori.
Aurrera pausoa handia egin zuen Ibai Fernandezek. Gazte mailako 60 metroko proba irabazi zuen 7,27ko denborarekin, aurreko astean, Zaragozan, 7,35 egin ostean. Denbora horrekin, Espainiako txapelketarako txartela eskuratu zuen Fernandezek.
Gazte mailan lehiatu zen Daniel Martinez. 800 metroko proban eta 2.07,83ko denborarekin bigarren lekuan sailkatu zen. Espainiako txapelketarako minima 2.03 da eta lehen urtea du gazte mailan.
Bestalde, maila berean, lehiatu zen David Gartzia. 60 metroko proban eta 14. lekuan bukatu zuen lasterketa.
Espainiakoak Antequeran
Maialen Axpek, Malen Ruiz de Azuak, Jonathan Perezek eta Iñigo Uribarrenek parte hartu zuten Antequeran (Malaga) jokatutako absoluto mailako Espainiako txapelketan. "Motel ibili dira laurak. Entrenamendu saio onak egin dituzte, baina Malagan ez dute euren maila onena erakutsi", esan dute Arrasateko atlestimo taldeko ordezkariek.
Pertika jauzilariek euren marka onenetik urrun ibili ziren. Maialen Axpe laugarrena izan zen 3,85 metrorekin eta Malen Ruiz de Azua zortzigarrena 3,70 metrorekin. Perezek ere ez zuen egunik onena izan, eta, 4,70 metrorekin, bederatzigarren lekuan sailkatu zen.
Azkenik, Iñigo Uribarrenek zortzigarren bukatu zuen salto hirukoitza, 15,17ko saltoarekin.
Hurrengo aste bukaeran Anoetan lehiatuko dira guztiak, absoluto mailako Gipuzkoako txapelketan.