Mondrak behar bezala hasi du partidua: irabazten. Hamargarren minutuaren bueltan sartu du gola Sanchezek. Baina horrek, etxekoak piztu beharrean, Lagun Onak taldeari eman dio indarra eta partiduari buelta eman diote. Hala zelai erdian nagusi izan dira azpeitiarrak, kontraerasoetan min eman diote eta bi golak etorri dira (1-2).
Bigarren zatian markagailuari buelta eman guran zelairatu dira etxekoak, baina nahi eta ezin ibili dira. Lagun Onakek, ostera, aparteko ezer egin gabe eta arriskurik sortu gabe ondo eutsi dio partiduari. Mondrakoek, baina, ez dute amore eman gura izan eta azken minutuetan estu hartu dituzte kanpokoak. Hala, azken minutuan zelai erditik luze atera duten falta bat sareratu du Corcuerak buruz.
Orduantxe piztu dira Mondrakoak, nahiz eta txingor zaparrada izan, eta luzapeneko minutuak ondo baino hobeto aprobetxatu dituzte. Aukera bat baino gehiago izan dituzte eta azkenean, langan jo duen baloia berreskuratu eta sareratu dute.
Josu Zubia entrenatzailea oso pozik zegoen bukaeran: "Joko aldetik ezin bada izan ere kasta aldetik buelta eman diogu eta oso pozik gaude". Eta taldeak egindako lanarekin ere pozik zen: "Taldea oso ondo dabil entrenatzen, eta hau izan da merezitako oparia".