Ordaindu plataformakoen eskaerak entzun dituzte Alderdi Sozialistako hainbat batzarkidek

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 21a, 16:45

Ordainduko kideak eta Alderdi Sozialistakoak.

Ordaindu plataformakoak Euskadiko Alderdi Sozialistako kideekin elkartu ziren atzo, otsailak 20, eta eskatu zieten bitartekari lanak egiteko Mondragon Taldearekin, eta produktuen itzuleraren eskaera babesteko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta estatuko gobernuaren aurrean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko batzarkide diren Marije Egidorekin, Julio Astudillorekin eta Rafaela Romerorekin elkartu ziren Ordainduko kideak, eta Alberto Alonso abokatu sozialista oñatiarra ere izan zen bileran. Beste alderdi batzuei egindako legez sozialistei ere hainbat eskaera egin zizkieten: produktuen itzulera eskaera argi eta garbi babesteko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta estatuko gobernuaren aurrean; bitartekari lanak egiteko Mondragon Taldearekin negozia dezaten Ordaindu eta Eskuratu plataformekin; eta hiru gai zehatzen gaineko konponbidea aztertzeko: BEZa, PFEZa (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) eta ondasunen igoera ez objektibatua Gipuzkoan eta Araban.

Ordainduko kideak pozik zeuden batzarra bukatu ostean "emankorra" izan zelako eta eskerrak eman gura izan dizkiete sozialistei. Era berean, beste alderdi batzuekin elkartzeko gertu daudela jakinarazi dute.

Mozioak hiru udaletxetan

Bestalde, Ordainduko kideek jakinarazi dute datorren astean hiru herritako osoko bilkuretan eztabaidatuko dutela eurek aurkeztutako mozioa: astelehenean, hilak 23, Bergaran; eguaztenean, hilak 25, Aramaion; eta eguenean, hilak 26, Oñatin.

Era berean, martxoaren 3an (10:00etatik 13:00etara) eta 4an (17:30etik itxi arte) argibideak emateko hitzaldiak egingo dituztela adierazi dute. Arrasaten izango dira horiek, Kulturaten.

Eskuartean darabiltzaten kontuen berri eman gura dute hitzaldi horietan eta gainerakoen iritziak jaso. Hona gai-zerrenda: kongresuko batzar iraunkorrak hartutako erabakiaren osteko egoera; egoera ekonomikoa; bide juridikoan izan diren aurrerapausoak; mobilizazioak; eta erakundeekin harremanak. "Kontu horien gainean bakoitzak duen iritzia jaso gura dugu; izan ere, laster egingo dugu batzar orokorra", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak