Anibal Carmona: "Maila txikien dutenek aterako diote etekin handien elkarteari"

Maialen Torres 2015ko ots. 20a, 19:45

Aurrez aurre, edo sare sozialen bidez, herriko argazkilaritza-zale gehienek elkar ezagutzen zuten, eta aspalditik zuten buruan batu eta elkarte bat osatzeko ideia. Asmo hori errealitate bihurtzekotan dira orain: astelehenean lortu zuten IFK (CIF) eta Eusko Jaurlaritzak elkartearen estatutuak onartzea soilik falta zaie. Artgazki izena jarri diote.

Zein ekintza mota egingo duzue?

Maila guztietara egokitutako ikastaroak egingo ditugu, besteak beste, argazkilaritzaren oinarrizko kontzeptuak, errebelatu analogikoa eta edizio digitala lantzeko. Lehiaketak, irteerak eta erakusketak ere antolatuko ditugu.

Nola jaio zen elkartea?

Interesa izan zezakeen jendea biltzeko, Facebook orrialde bat egin genuen lehenengo, eta bertan 80 pertsona inguru batu genituen. Eskaera bazela ikusita, lehen bilera egin genuen urtarrilean; hamazazpi kide izan ginen bertan, eta orduan sortu genituen estatutuak. Geroztik, jende gehiago batu zaigu, eta orain, 40-50 kide inguru gara.

Lokala lortzeko asmoa ere baduzue.

Dagoeneko hitz egin dugu Udalarekin horretarako eta diru laguntzak ere eskatuko ditugu. Zale guztiok elkartzeko toki bat sortu nahi dugu, gauza berriak ikasi eta praktikan jartzeko aukera emango diguna, ikasgela, estudio, laborategi eta guzti.

Noiz hasiko zarete martxan?

Dagoeneko lotuak ditugu lehen ekintzak. Esaterako, martxoaren 17an David Castan paisajistak ikastaroa eskainiko du Kulturaten, argazkien edizio digitalari buruzkoa. Photoshop eta Lightroom landuko ditugu.

Herriko beste elkarte batzuekin ere ibiliko zarete elkarlanean.

Hala da. Apirilaren 19an, esaterako, Arrasate Runners taldeak antolatutako lasterketa batean argazkiak atera, eta eurei emango dizkiegu, egiten ari diren bideo batean erabil ditzaten. Gobernuz kanpoko erakundeei laguntzeko asmoa ere badugu. Ideietako bat da erakusketa bat antolatu eta sarrera ordaindu ordez, bisitariek jostailu bat ematea, eta ondoren biltzen ditugunak gehien behar dutenei bidaltzea.

Zer behar da elkarteko kide izateko?

Interesa besterik ez. Jendea beldur da taldean sartzeko besteko maila ez izateaz, baina, hain justu, maila txikien dutenek aterako diote etekin handien elkarteari. Denok dugu zerbait eskaintzeko eta ikasteko, eta horregatik erabat irekia da Artgazki. Oraingoz ez dugu ez lokalik ezta egitura finkorik ere, baina interesa dutenak Kajoi tabernara joanda edo arrasateargazki@gmail.com helbide elektronikora idatzita jar daitezke gurekin harremanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak