Joan den asteburuan Antequeran (Malaga) jokatutako txapelketan arrasatearren arteko lehia itzela izan zen. Axpek urrezko domina jantzi zuen pertikarekin 4,05 metroko jauzia eginda. Ruiz de Azuak, berriz, zilarrezkoa lortu zuen 4 metrokoarekin. Bien arteko lehia oso parekatua izan zen. Azkenik, ordea, Axpek hirugarren ahaleginean 4, 05 metroko altuera gainditu zuen, eta txapelketa irabazi zuen.
Ruiz de Azua "pozik" geratu zen markarekin, baina ez txapelketan egindako akats teknikoekin. "Baliogabeko saiakera asko egin nituen, eta hori ez da seinale ona, berdinketa kasuetan horien arabera erabakitzen da-eta zein den onena, eta, gainera, presioa gehitzen diote lehiari", onartu du.
Bigarren postuagatiko lehian ari zela igarri zuen gehien Ruiz de Azuak presio hori, 3,80 metroko saltoa hirugarren saiakeran gaindituta.
Kide eta aurkari
Elkarrekin entrenatzen diren arren, txapelketetan aurkari dira bi arrasatearrak, eta ohituta daude horretara. "Une horietan Maialen aurkari bat gehiago da niretzat", dio Ruiz de Azuak.
Erakutsi duten mailara iristeko, astean bost aldiz entrenatzen dira, baina gustura: "Bai, merezi du, Espainiako txapelketan egotea ez du edonork lortzen", esan du Ruiz de Azuak, une batez ere zalantza egin barik.
Bihar, estatuko onenen artean
Malagan bertan dute hurrengo lehia, eta Naroa Agirre bera ere aurkari izango dute. Dena den, gogotsu daude biak. "Garbi dago lehen postua Naroa Agirrek irabaziko duela, ez daukalako bere mailako aurkaririk, baina gainontzekook oso parekatuta gaude, 4 eta 4,05 metro inguruan, eta denoi gustatzen zaigu irabaztea", azaldu du Ruiz de Azuak.
Hala ere, onartu du postuak baino gehiago, lortuko duen markak axola diola. "4 metrotik gorako marka batekin oso gustura geratuko nintzateke. Gero, dominaren bat baldin badator, hobeto, baina nire buruarekin dudan lehia da, nire marka gainditu nahi dut", dio. Izan ere, azaldu duenez, urteak dira 4 metroko markara iritsi zela; hortaz, 4,05 metroko saltoa "oso emaitza ona" litzateke Ruiz de Azuarentzat, eta, zer esanik ez, 4,10 metrokoa.
Dagoeneko Malagan dira, eta bihar arratsaldean izango dute txapelketa, 16:30ean. Goizean, berriz, Jonathan Perezen txanda izango da.