Besteak beste, mexikarrak, brasildarrak, LMFAO musika taldeko kideak, txikiteroak, erleak... Zigarrolako animalien zoologikoa eta San Valentin egunez kupidoz mozorrotutakoak ere izan dira kaleetan.
Giro euritsuarekin egin behar izan da aurtengo mozorroen desfilea Arrasaten. Hala ere, herritarrak paperean guztiz sartuta ibili dira azken hilabeteetan egindako lanak erakusten; karroza dotoreak, mozorro landuak, makillaje zainduak... Eztanda egin du dagoeneko mozorroen festak eta egun osoan disfrutatu ahal izango dute jaiarekin herritarrek. Umorerik ez zen falta haien artean.
Mozorro irabazleak
Eguerdian egindako sari banaketan, hauek izan dira sarituak: Kuadrilla onenaren saria jaso dute Benidorm-Arrasate autobusa egin duen lagun taldeak; karroza onena, berriz, Zigarrola auzotik etorritako Zoogarrola zoologikoak irabazi du; emakume onenaren saria kupidoz jantzitako emakume batek; eta gizonezko onenarena, ostera, euskal sorginez mozorrotutakoak.