Iaz aurkeztu zuten Euskadi Brass, eta azaroan iritsi zen lehen topaketa, Atarrabian. Orduan, musika eta antzerkia uztartu zituzten. "Esperientzia ederra izan zen", gogoratzen du Urretxok. Oraingoan, ordea, literaturari helduko diote eta hainbat tailer, erakusketa, literatura saio eta kontzertu antolatu dituzte.
Tailer instrumentala
Eguna hasteko, Arrasate Musikalen hainbat instrumenturekin tailerrak egingo dituzte, eta orkestra munduan dabiltzan "goi mailako jotzaileek" gehienez 30 ikasleri eskolak emango dizkiete.
Perkusioa, tuba, bonbardinoa, tronpa, tronboia edo tronpeta jotzen dakitenek, beraz, aukera bikaina izango dute onenengandik ikasteko. 30 euroren truke, 09:30ean hasi eta 12:00ak arte parte hartu ahal izango da ekintza horretan.
Edonorentzako tailerrak
Bitartean, Kulturaten, instrumenturik gabeko tailerrak izango dira adin guztietakoentzat, 10:00etatik 11:30era, eta 20 euro ordainduta. 3-5 urtekoek Txangoa oihanera gaiarekin eta 6-9 artekoek Denboraren makina izenburupean, ipuin bana landuko dute. Txikienen taldean oraindik bada izena emateko tokia. Helduentzat, berriz, Los colores del viento, los colores de la música hitzaldia izango da. 16:00etatik 17:30era Kirmen Uribek literatura tailerra eskainiko du.
Kontzertuak
Goizean umeek euren tailerretan egindakoaren erakustaldia egingo dute, 12:30ean, Euskadi Brass ensenblearekin batera. Ikusle soil izan nahi dutenek, beraz, hori dute gerturatzeko aukera. 19:00etan, berriz, Kirmen Uribek bere hiru liburutako pasarteak irakurriko ditu, Euskadi Brassekin elkarlanean. Urretxok esan bezala, helduen tailerretan jasotakoa praktikan jartzeko tartea izango da hori. Informazio gehiago eta ordutegi zein prezioen xehetasun guztiak euren webgunean dituzte ikusgai.