"Agian, egunen batean, berriro gogoratuko dugu, gure alboan sentituko zaitugu, eta gozatuko dugu banjo zaharraz kontzertuetan", dio abestiak, eta, hain zuzen, horixe da The Potes taldekoek nabarmendu nahi izan duten mezua, oraindik eurekin dagoela eta aurrerantzean ere eurekin izango dutela.
Hala baieztatu du, behintzat, Igor Salak, The Potes taldeko soinu-jotzaileak. "Jul agurtzeko eta gurekin dagoela gogoratzeko egin dugu La sombra del banjo", azaldu du.
Itzultzeko asmotan
Salak esan duenez, oholtzetara itzultzeko asmoa dute: "Bagabiltza kontzertuak lotzen, eta, dena ondo badoa, martxoaren 21ean Arrasateko gaztetxean izango gara". "Ez gaude beti bezala, baina aurrera egingo dugu. Julek zabaldu zuen proiektua, eta guk jarraipena emango diogu", gaineratu du.
Aurrera egiteko bide horretan, disko bat grabatzea ere badute buruan, baina, Salak azaldu duenez, ez dute ohiko eran egingo. Orain egin duten moduan, prest izan ahala grabatu eta kaleratuko dituzte abestiak, eta gero, guztien bildumarekin, disko bat osatu.
Errautsak Landan zabalduko dituzte
Datorren domekan, hilaren 22an, senide eta lagunek Julen errautsak zabalduko dituzte Landan, 11:30ean. Hori ez da, ordea, egingo dioten azken agurra izango. Ekainaren 27rako ekitaldi irekiago bat antolatzen ari dira Monterron parkean.