Usurpazio delitua zen epaitutako 23 lagunei egozten zieten delitu nagusia, eta halakorik ez zela egon ebatzi du epaileak. Besteak beste, eraikinaren jabe zen Cabisa enpresak "eraikina saldu edo alokatzeko inolako asmorik" ez zuela adierazi du epaileak sententzian. Arrasateko absolbituetako batek esan du: "Ez dugu sententzia ulertzen, ez dago errudunaren kontrako froga berezirik, baina prozesu luze honen ostean, turko-buru bat behar zuten".
Iñaki Carro defentsa abokatuak helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Azaldu duenez, Kukutza jendez hustu eta hiru urte eta erdira, usurpazio deliturik ez zela egon zehaztu du epaileak, eta bertsio ofiziala "deseginda" dagoela gaineratu du.
Hiru urteko zigorra
Fiskalak eskatu moduan, "agintearen aurkako atentatua" egotzi diote zigortutakoari. Epaituek ohar bidez salatu dute ertzain baten testigantza erabili duela epaileak oinarri bakar gisa.
Hiru urteko kartzela zigorraren harira, honakoa dio Kukutzaren Elkartasun Taldeak: "Epaileak ez ditu kontuan izan ertzainen arteko kontraesan ugariak, eta haietako baten testigantzan soilik oinarritzen da. Ertzainek pertsona bat zauritu zuten, eta, gerora, haiei eraso egin izana egotzi zioten. Hain zuzen, kanpotik jaurtitako pilotakadetako batek zauritu zuen kidea".