Aurreko bi partiduak, Elgoibarren eta Anaitasunaren kontra, gol bakarreko aldearekin galdu eta gero, partidu zaila zuen atzo Ford Mugarrik. Sailkapenak erakusten duena baino –atzealdean daude 12 punturekin– talde hobea da Ereintza, "handia eta gogorra", Pablo Gartzia arrasatearren entrenatzailearen hitzetan.
Eta bi taldeek defentsa indartsuarekin planteatu zuten norgehiagoka. Baina, oro har, Arrasatekoak Ereintza baino gehiago izan ziren. Lehen zatian 8 gol baino ez zituzten jaso –Valle atezainaren aipatutako lan onarekin–, eta 11 egin. Kontraerasoa ondo baliatu zuten etxekoek.
Bigarren zatian 15 eta 10 aurretik jarrita, zenbait aldaketa egin zituen arrasatearren entrenatzaileak, jokalari gehiagori minutuak ematearren, baina Ereintzak aprobetxatu eta bost minututan berdindu egin zuen markagailua. Ondo erreakzionatu zuten, ordea, etxekoek, eta berriz ere hartu zuten aldetxoa, amaierara arte. Kepa Isasmendi izan zen golegile nagusia, bederatzirekin.
Arrasatearrak Lehenengo Maila Nazionaleko sailkapenaren goiko postuetan daude, 27 punturekin.
Beste emaitzak
Bestalde, Euskadiko Txapelketan, Bergarako mutilek 22 eta 21 irabazi zioten Urdulizi Labegaraietan, eta Aloña Mendiko neskek gauza bera egin zuten, 20 eta 27, Leizaranen kantxan. Bestalde, Gipuzkoako 1. Mailan, Izarraitz Taberna Aloña Mendik 23 eta 21 galdu zuen Zarautzen, Amenabar B taldearen kontra.