Lidergoari eusten saiatuko da Kanpanzar ART bihar etxean, Bera-Beraren aurka

Irati Goitia 2015ko ots. 6a, 09:21
Kanpanzar ART-ek Arratiko ZK-ren aurka jokatu zuen partidua.

Arrasatearrak izugarrizko denboraldia ari dira egiten; orain arte norgehiagoka bakarra galdu dute. Azken partidua ere irabazi egin zuten Elorrioren aurka 7-14. Asteburu honetan, bihar jokatuko dute 16:00etan Mojategin.

Bihar, 16:00etan jokatuko du Kanpanzar ART-k Bera-Beraren aurka Mojategin. Xabier Gardoki jokalariak dio ez dela lehia erraza izango: "Bera-Beraren hirugarren taldea da –Ohorezko mailan eta Ohorezko B mailan ere taldeak ditu–. Hala, jende oso gaztea dago; taktika oso onekoa, ordea. Oso azkarrak dira eta baloia mugitzen abilak. Izan ere, Ohorezko mailan dabilen jendearekin entrenatzen dute. Beraz, ez da partidu erraza izango, baina etxean jokatuta, espero dut ez izatea irabazteko arazorik".

Helburua: mailaz igotzea

Arrasateko mutilak denboraldi bikaina egiten ari dira. Jokatutako hamalau partiduetatik hamahiru irabazi dituzte –azkena Elorrioren aurka 7-14–. "Garaipenak lortzeko borrokatu egin behar da. Hemen ez da ezer oparitzen", dio Gardokik.  

Bolada ona ikusita, helburua denboraldia lehen postuan amaitzea da: "Helburu handiak ditugu. Datorren urtera begira, mailaz igoz gero, itxura ona eman nahiko genuke eta garaipen batzuk lortu. Horretarako gogor jarraitu beharko genuke". Gaineratu du horrelako bolada onek taldearen animoan izugarrizko eragina dutela eta horrek taldea indartzen duela: "Gauzak ondo doazenean, jendea oso pozik izaten da, eta horrek eragina izaten du jokoan. Entrenamenduetara ere gogo gehiagorekin etortzen da jendea. Bestalde, gure arteko harremana ere izugarri ona da".

Denak irabazi behar

Duela bi jardunaldi ekin zioten bigarren itzuliari, eta Gardokik bi partidu gogor aurreikusten ditu. Bata, Arratiko ZK-ren aurkakoa: "Oso jende gogorra dute eta zelai naturala. Urtsu eta pisutsu baldin badago... guri kosta egingo zaigu gure jokoa egitea. Izan ere, zelai artifizialean ohituta gaude". Bestetik, latza izango da baita euren aurkari zuzenaren aurkakoa –Uribealdea–. "Sailkapeneko lehen postua egongo da jokoan lehia horretan eta oso gogor jokatu beharko dugu. Ezingo dugu barkatu", dio Gardokik. Izan ere, Uribealdea ere denboraldi paregabea egiten ari da. Ligako lehenengo partidua galdu zuen, baina gainerakoak irabazi. Arrasatearrak sailkapeneko lehen postuan doaz lortutako bonus puntuengatik –abantaila txikia dute–. Horrenebestez, zera dio jokalariak: "Lidergoari eutsi nahi baldin badiogu, helburua itzuli honetako lehia denak iraztea izan behar da. Eta Uribealdearen aurka etxean jokatu behar dugunean, ahalik eta jende gehien ekarri behar dugu Mojategira, harmailak bete egin behar ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak