Fagor Etxetresnen itxierak kaltetutako pertsonez lepo bete zen atzo osoko bilkuren aretoa. Ordaindu plataformako eledun Mikel Olabe "pozik" agertu zen udalbatzak kaltetuek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zelako: "Pozik gaude, baina askotan gauzak ez dira diruditen moduan. Hau da, hilabete askotako lanaren ostean lortu dugu udal talde guztien babesa. Mozioak bi helburu nagusi ditu: lanpostua galdu duten pertsona guztiak lanposturen baten birkokatuak izatea eta gure aurrezkiak bueltatzea. Uste dugu bi helburu horiek beteko ditugula; hori bai, gero eta beranduago izan, orduan eta okerrago izango da guretako eta kooperatibarendako". Mozioa defendatzerako orduan balio kooperatiboak eta kooperatiba eredua birpentsatu behar dela aldarrikatu zuen Olabek, besteak beste.
Protesta bihar Garagartzan
Era berean, Olabek jakinarazi zuen euren egoera salatzeko beste ekintza batzuk antolatuko dituztela. Lehena bihar, eguena, izango da: Garagartzako lantegiaren atarian elkarretaratzea egingo dute, Catako presidente Xabier Bengoetxeari euren eskaerak helarazteko.