Horren ildotik, beharra ikusi dute teknika arloan laguntza eskainiko duen aholkulari bat kiroldegiko erabiltzaileen eskura jartzeko, batez ere, igeriketan eta korrika ibiltzen direnei begira, haiek dira-eta kirolik zabalduenak. "Kirol batean ibili eta teknika ondo ezagutzen ez bada, gorputzari onura ekarri ordez, kalte egin diezaiokegu", dio Errastik, eta, horregatik, baieztatu du Udaleko Kirol Zerbitzuak aholkularia jartzearen aukera aztertuko duela: "Zaila izango da, baina proposamen interesgarria da".
Hain zuzen, gimnasioan abendura arte izan zen langilearen funtzio antzekoa izango luke aholkulariak, baina beste kirol eremu batzuetan. Errastik esan duenez, figura hori berreskuratzeko asmoa ere badute.
Ate ireki "arrakastatsuak"
Osasun asteari lotutako saioak amaitu ez diren arren, Errastik dio arrakastatsuak izan direla. "Aurreikusita genituen parte-hartzaile mugak bete egin dira", azaldu du. Oraindik etortzeko diren ekintzen artean, nordic walking-en eta pilatesen zerrendak beteta daude, baina hata yoga-n oraindik geratzen da tokia; beraz, gura duenak lehenbailehen eman behar du izena, plaza guztiak agortu aurretik.