Josu Uribetxebarriaren aldeko elkartasun mozioa onartu dute

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 21a, 20:15

Onartu dute Bildu eta Aralar alderdiek aurkeztutako mozio berezia gaur egindako ezohiko batzarrean. Udal Gobernuak, hala, Josu Uribetxebarria hilberriaren "familiaren saminean bat egin" du eta "elkartasuna adierazi". Soilik haien botoekin egin du aurrera adierazpenak, ez jeltzaleak ezta sozialistak ere, ez direlako gaurko plenora joan.

Hiru dira plenoan onartu dituzten ebazpenak. Lehenik, Josu Uribetxebarriaren familiarekin elkartasun adierazpena egin da, bigarrenik, exijitu da gaixotasun sendaezinak nozitzen dituzten presoei legezko berme eta eskubideak errespetatzea eta, hirugarrenik, konpromisoa hartu da erantzukizun eta ardurak izan ditzaketen instituzio guztietara mozioa bidaltzeko, testuan bertan jasotzen den moduan. 

Bildu eta Aralarrek salatzen dute "arduradun politiko judizialek" haren egoera "muturreraino" eroan zutela eta kalean emandako denboran ere presoak "mota guztietako jazarpenak eta oinarrizko eskubideen bortxaketak pairatu" zituela.  Hala, "Arrasateko Udalak, pertsona guztien giza eskubide guztiak defendatzen" dituen heinean, "salbuespenezko espetxe politika" deritzotenarekin eta espetxe politika horrekin amaitzea eskatu da; "inoiz baino beharrezkoago" ikusiaz "eskubide guztien alde" egiten dutenen indarrak batzea.

Oposizioa ez da joan

Mozioak, alderdi deitzaileen botoekin nahiko izanda, aurrera egin du eta, era berean, kontrako botorik ez du jaso EAJk eta PSE-EEk plenoari joateari uko egin diotelako.

Jeltzaleek, ohar bidez, dolumina adierazten diote Uribetxebarriaren familiari eta bere garaian hark zaintza mediku egokia izan zezan aska zezatela eskatu zutela. Alabaina, haren "biktimei eragindako min eta sufrimenduarengatik" eta  "eragindako oinazearen aitortzarik" ere egon ez zela-eta, adierazi dute haren "aldeko inolako omenaldirekin" ez dutela bat egingo. Sozialistei dagokienez, Paco Gartzia bozeramaileak adierazi duenez, mozioaren balorazioa ere ez dute egingo.

 


MOZIOA, ARRASATEKO BILDU ETA ARALAR UDAL TALDEEK AURKEZTUTAKOA
“GIZA ESKUBIDEEN DEFENTSA, DENON ARDURA”



IOSU URIBETXEBERRIA BOLINAGA arrasatearra joan zen urtarrilaren 16an zendu zen, 59 urte zituela. Heriotza honen aurrean, Arrasateko Udalak bat egin nahi du bere familiaren saminean/atsekabean, eta bere elkartasuna adierazi une latzotan.

Iosu hiltzera zihoala jakina zen. Bere gaixotasunaren jarraipena egin zuten mediku guztiek behin eta berriz adierazi zuten; bai berari zuzenean, bai bere familiari eta baita indarrez espetxeratuta mantendu duten arduradun politiko eta instituzional guztiei. Josuk pairatzen zuen gaixotasun larriari behar bezalako jarraipena egitea bateraezina zen espetxean egoteaz. Aitzitik, arduradun politiko-judizialek azken uneraino luzatu zuten bere egonaldia kartzelako bizi-baldintzak muturreraino eramanaz. Herri presioa tarteko kaleratzea lortu zen. Zoritxarrez, kalean igarotako denboran ere mota guztietako irainak, jazarpenak eta oinarrizko eskubideen bortxaketak pairatu zituen. Beraz, Madrilgo arduradun politikoek hala erabakita, giza eskubideen oinarrizko zutabeak urratu eta Iosu Uribetxebarria Bolinagak zigor gehigarria pairatu zuela esan daiteke.

Nazioarteko eta estatu espainiarreko araudi, zuzenbidearen printzipio eta giza eskubideen aldeko aldarrikapenek, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona preso guztien eskubideak errespetatzeko beharra adierazten dute. Honenbestez, oinarrizko eskubidea da gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona horiek beharrezkoa duten tratamendua eta zaintza medikua behar bezalako baldintzetan jasotzea. Zoritxarrez, Iosuren kasuan berme horiekin behin eta berriz jolastu zen, pertsonaren integritatea mugaraino eramanez.

Egun badira oraindik Iosu bezala oso gaixorik eta kartzelan jarraitzen duten presoak. Egoera horrek euren egoera fisikoa eta senitartekoen ezinegona okertu eta areagotzen du. Pertsona gisa eta preso gisa zor zaizkien eskubideak ukatuz.

Arrasateko Udalak, pertsona guztien giza eskubide guztiak defendatzen ditu. Horrexegatik, espainiar estatuak abiarazitako espetxe politikak dakartzan salbuespen egoerak amaitzea aldarrikatzen du. Egoera hau bere horretan mantentzea beti izan da bidegabea, zentzugabea eta onartezina. Are gehiago orain, Euskal Herrian zabaldu berri den aukeraz betetako errealitate  berri honen aurrean.

Gauzak horrela, salbuespenezko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da. Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak batzea sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.

Hori guztia kontuan izanik, Arrasateko Udalak honako ebazpen hau onartzen du:

1.- Iosu Uribetxeberria Bolinagaren familiari gure elkartasuna adierazi.
2.- Gaixotasun sendaezinak nozitzen dituzten preso guztiei legez aurreikusten zaizkien berme eta eskubide guztiak errespetatzea exijitzen du. Bide batez, askatu ditzatela dagozkien tratamendu eta asistentziak jaso ditzaten.
3.- Azkenik, gai honetan erantzukizunak eta ardurak izan ditzaketen instituzio guztietara mozio hau bidaltzeko konpromisoa hartzen dugu.


Arrasaten, 2015eko urtarrilaren 16an



BILDU UDAL TALDEA
Maider Morras Azpìazu


ARALAR UDAL TALDEA
Joxe Etxeberria Iztueta



Arrasateko EAJren Udal Taldearen oharra:

Iosu Uribetxeberriaren heriotzarekin lotuta, BILDU-ARALARrek aurkeztutako mozioa “giza eskubideen defentsa, denon ardura” aztertzeko deitutako osoko bilkuraren aurrean,

Zera adierazten dugu:

Bere garaian, Iosu Uribetxeberriaren gaixotasun larri eta sendaezinari aurre egiteko beharrezko tratamendu eta zaintza medikua behar bezelako baldintzetan jaso zezan, aske jartzea exijitu genuen bezela, orain, gure doluminak adierazten dizkiogu bere familiari. Goian bego.

Hala ere, bere biktimei eragin zien min eta sufrimentuagatik eta horren aurrean erakutsi damu eta eragindako oinaziaren aitorpen ezagatik, ez dugu beraren aldeko inolako omenaldirekin bat egingo.

Ondorioz, ez dugu Arrasateko Udaletxean ospatuko den osoko bilkuran parte hartuko, Iosu Uribetxeberriaren biktimei gure elkartasuna adierazten diegularik.



Arrasateko EAJren Udal taldea
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak