Maria Ubarretxenak aurkezpenean azaldu duenez, Arrasaterentzat proiektu "sendo eta errealista" bat aurkeztuko dute, bere esanetan, herria berriz ere bailarako motor bilakatzeko helburu izango duena. Horretarako, hiru bide erabiliko dituztela azaldu du Ubarretxenak: "Batetik, akordioa, negoziazioa eta herritarrei entzutea; bestetik, udal baliabideen kudeaketa eraginkorra; eta, azkenik, ekintza plan errealistak".
"Arrasateren etorkizuna da gure lehentasuna eta ekonomia eta enplegua sustatzea izango da gure apustua, baina herritarrengan eragina duten beste zenbait gai albo batera utzi gabe", gaineratu du, eta herriaren garbitasuna aipatu du beste gai horien artean.