"Lur pertsonaiaren laguntzarekin, intrigaz eta misterioz betetako bidaia baterako proposamena egingo diegu ikusleei" dio Ainara Gurrutxagak, Dejabu taldeko kideak eta horrela laburbildu du istorioa: "Lur txikia zela, arrastorik utzi barik alde egin zuen amak; harez gero, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, bakarrik egin behar izan dio bizitzari aurre. Sekula ez du Lurrek amaz galdetu, baina horrelako batean, gutxien espero duenean, ama hilik topatuko dute eta gertakari horren ondorioz urteetan barruan gorde izan dituen galderak eta kezkak sortuko zaizkio; eta ordura arte ez moduan, galdera horien erantzunen bila hasiko da".
Ainara Gurrutxagarekin batera, Urko Redondo, Miren Alkala eta Iñigo Aranbarri dira antzezleak. Lauen artean egin dute oraingoan ere antzezlanaren prozesu osoa. Musika eta argiztapenarekin jantziko dituzte apenas dekoraturik dagoen taula gaina. Musika espresuki obrarako konposatu du Ander Fernandezek eta txeloaz interpretatu ditu gero, Jon Larrazek.
Urtarrilaren 25ean, Oñatin
Azaroan estreinatu zuten eta harez gero, egin dituzten emanaldietan harrera ona izan dutela dio Gurrutxagak: "Gaiarekin identifikatu direla esan digute askok. Antzerkia jolas moduan ikusteko prest dagoen edozeini gomendatuko nioke. Arrasaten izango gara eta baita Oñatin ere.