Jokalariak baloratzeko orduan, partiduan egindako gauza positiboak hartzen dituzte kontuan: saskiratzeak, asistentziak, erreboteak, txapelak, jasotako faltak... "Balorazio altua izateko gauzak ondo egin behar dira, baina, halakoetan, zenbakiak, datuak bakarrik hartzen dira kontuan. Ez dituzte jokoaren alderdi guztiak kontuan hartzen", esan du Arexolaleibak.
"Liga luzea da"
Hauek izan ziren Arexolaleibaren zenbakiak EBAko A-A multzoko talde indartsuenetako baten kontra (La Gallofa): 28 puntu sartu, lau errebote hartu, bederatzi asistentzia eman eta sei falta jaso zituen. "Partidu ona atera zitzaidan, baina talde osoaren lana dela uste dut. Garaipenak ez ditu jokalari bakar batek lortzen. Oraingoan, niri egokitu zait, baina taldekide asko daude sasoi bikainean. Hori da gure indarra, talde moduan jokatzen dugula", esan du.
Azken hiru partiduak jarraian irabazi ostean, seigarren daude arrasatearrak. Hala ere, MUko jokalariarendako "liga luzea da oraindik. Gure helburuak berberak dira: partiduz partidu hobetzen joan, edozein aurkarirekin lehiatzeko gai izan eta EBAn mantendu". Eta helburu horiek lortzeko bidean dago taldea: "entrenamendutan lan gogorra egiten dugu eta emaitzak partiduetan ikusten dira", dio.
Iturripera joateko gonbidapena
Maiatzean igoera lortu zutenean amets bat bete zuen Arexolaleibak, eta, oraingoz, maila horrekiko zituen helburuak bete egin direla esan du: "Urte askoko lanaren saria da EBAn jokatzea. Maila handiagoko jokalariak, bidaia luzeak eta gogorrak... baina guztia kirolaren parte da eta ez nuke ezerengatik aldatuko".
Bestalde, asko "eskertzen" du hamabostean behin Iturripera doazen zaleen laguntza. "Inoiz egon ez direnak animatu gurako nituzke. %100a ematen dugu partidu guztietan eta animoek asko laguntzen dute", dio.