1908an jaiotako Juan Kruz Guridi 1929an dagoeneko Veracruzen zebilen zestalari profesional, 19 urterekin Miamiko Jai Alai frontoiaren inaugurazioan parte hartu eta La Habanatik pasatu ostean.
Egunekoa gauez xahututa
"Mexikotik, Daniel anaiarekin, Txinako abenturara joan zen eta Shangai eta Tien-Singnen ihardun zuen. Juan Kruzek gogoratu ohi zuenez, urte haietan (1936/40) Shangaira errusiar zuri ugari heltzen zen, diru mordoarekin, eta jai eroak antolatzen zituzten. Pilotariek ez zekiten ezetz esaten eta egunean irabazitakoa gauez xahutzen zuten. Japoniarren inbasioan Guam Irlara aldatu zen Juan Kruz eta handik lasterrera Mexikoko bidea hartu zuen ostera. Eta hiriburu hartan geratu zen, betiko", kontatzen du, adibidez, Josemari Velez de Mendizabalek.
Gaurko kontakizuna borobiltzeko Lillian Guridiren (Danielen alaba) oroitzapenak eta argazkiak batzen ditu Hots Begi Danbolinak blogean.