Josu Zubia: "Igoerarekin itsutu barik, jokalari bakoitzari onena ateratzen saiatuko naiz"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urt. 10a, 09:30
Josu Zubia

Mondrak Gotzon Urzelairen ordezko izendatu zuen Josu Zubia Gabonetan. 23 urte daramatza entrenatzaile lanetan Zubiak; 2002-2003 denboraldian Mondra Ohorezko Erregional Mailara –orduan Preferente maila zen– igo zen taldea zuzendu zuen eta beraz, badaki zer den Mondra mailaz igotzea. Hori bera errepikatzeko bueltatu da etxera. Asteon gidatu du lehen entrenamendu ofiziala eta asteburuan Mutrikun zuzenduko du lehen partidua. 

Etxera zatoz bueltan. Gogotsu?

Bai, oso gogotsu. Astigarragan bizi arren gertutik jarraitzen dut Mondra, beti jarraitu izan dut. Zuzendaritzarekin pare bat bilera egin ostean dena lotu genuen. Ilusio handiz nator, Mondraren deia ezusteko pozgarria izan da.  

Hamar urte badira taldea utzi zenuenetik. Nola aurkitu duzu Mondra?

Sekulako ilusioa ikusi dut, lanerako eta gauzak ondo egiteko gertu. Gogotsu ikusi ditut jokalariak eta hori oso garrantzitsua da.

Zer eskatu dizu zuzendaritzak?

Ez dago ezer eskatu beharrik. Talde bati baiezkoa ematen badiot konprometitzen naiz lana ahalik eta ondoen egitera. Badakit jakin aurtengo helburua mailaz igotzea dela baina denboraldi erdian gaude dagoeneko eta lehen postua eskuratzea zaila izango da. Hori bai, saiatuko garela ez dago zalantzarik. Aurten ez bada, datorren denboraldian igoerari begira jarriko gara lanean denok. Hori bai, ezin gara helburu horrekin itsutu; jokalari bakoitzari ahalik eta errendimendu onena ateratzen saiatuko naiz lehendabizi. Lehen postuak bermatzen du igoera baina aurten aukera askotxo daude lehen bi taldeak zuzenean igotzeko. Hori, baina, ezin da aurreratu. Partiduz partidu joan behar gara eta ikusiko da lan horrek zein fruitu ematen duen denboraldi amaieran.

"Ilusioaren denboraldia" deituta ekin zion Mondrak aurtengoari. Ilusio horri eusteko bada arrazoirik?

Ilusioa azkenera arte mantendu behar da bai ala bai. Ilusio hori badago, baina egia da lehen itzulian emaitzek ez dutela lagundu. Hala ere, oraindik puntu asko dago jokoan. Kategoria hauetan ahalik eta erregularrena izatea da gakoetako bat, indarrak oso parekatuta daude-eta. 

Talde bat denboraldi erdian hartzeak lana zaildu egingo du, edo?

Ez dakit esaten, lehen aldia delako. Jokalarien erdiak-edo ezagutzen nituen aurretik eta gainerakoen lehen inpresioak onak dira. Gustura nago taldearekin; goian egoteko moduko jokalariak ditugu. Lehen postuetan mantentzea izango da helburua eta ea nola heltzen garen azken bost partiduetara. Hori bai, partiduz partidu joan behar gara; are gehiago, entrenamenduz entrenamendu. 

Mutriku izango da lehen erronka, aurkari zuzen bat.

Bai, gurea ondo egiten badugu aukera handiak izango ditugu irabazteko. Horretara goaz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak