Inazio Azkarragaurizar: "Gizarte laguntzei eutsi egingo diegu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urt. 9a, 10:43

Arrasatearren ongizatea, enplegua sustatzea, gastu arrunta kontrolatzea, udal zergak mantentzea, finantza zorra murriztea eta inbertsioak faseka egitea izango dira 2015eko Udal aurrekontuaren (31.525.278 euro) lehentasunak. Horien gainean berba egiteko egon da Goiena alkatearekin. 

2015eko Udal aurrekontua 2014koa baino %2,54 txikiagoa da. Zergatik?

Iaz Aldunditik 950.000 euro pasa iritsi zitzaizkigun Aramaiorako errepidearen eskualdaketak eraginda. Kopurutan hor egon da aldaketa nabarmenena, gastuei eta sarrerei eutsi diegu-eta. Hau da, zergarik ez igotzea eta zorpetzea kontrolatzea lehenetsi ditugu.  

Aurten ere gastu sozialari eman diozue lehentasuna.

Bai. Gizarte egoera ahulenean daudenak laguntzea izan da gure lehentasuna legealdi hasieratik. Justizia sozialaren aldeko apustu sendoa egiten dugu eta norabide horretan argi dugu zein den gure iparra. Orain arteko gizarte izaerako laguntza eta  programak mantendu egingo ditugu, hau da, orain arteko konpromisoei eutsi egingo diegu. Gainera, beste programa berri batzuk ere jarriko ditugu martxan. Horrez gain, enpleguaren alde ahalegin berezi bat egiten ari gara. 

Enplegua sustatzeko 2014ko lan ildoak mantenduko dituzue?

Hasteko, esan beharra dago enpleguarena Jaurlaritzaren eskumena dela. Baina bereziki Fagor Etxetresnen itxierak eragindako astindua dela-eta neurri batzuk hartzea erabaki genuen iaz, lau ildorekin: Lanbai azoka, Udaleko kontratazioak, langabetuak kontratatzen dituzten enpresei laguntzak eta titulatu berrien bekak. Horiei eustea da gure asmoa.

Barrura begira kirol batzordea eratu dela da nobedade aipagarri bat. Zer suposatuko du horrek?

Kudeaketarako egokiagoa izango delako erabaki dugu Aukea kentzea, epe ertainera zenbait gastu aurreztuko ditugula iritzita. Herritarrengan eta langileengan ez du eragingo, funtzionamenduan ez da aldaketarik izango.

EAJk kontra bozkatu du aurten, iaz adostutakoa ez betetzea egotzita. Zein da zure iritzia?

Hauteskunde kutsua ikusten diot EAJren erabakiari eta ez da egia iaz hartutako konpromisoak ez ditugunik bete; %100a bete dugu. 

PSE-EE ere aurrekontuaren kontra, osotasunera aurka bozkatuz.

Sorpresa izan da, Aritz Arrietarekin sintonian egon garelako eta ados zegoelako. Ez dugu ulertu azken orduko iritzi aldaketa hori; hor ere hauteskunde kutsua atzeman daitekeela esango nuke.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak