Beroa eta gogorra, baina era berean ikusgarria izan da Ford Mugarri Arrasatek eta Bidasoa Irunek jokatu duten partidua. Arrasatearrendako "saria" eta irundarrendako "irabazi beharrekoa".
Lehen zatia oso parekatua izan da. Irundarrek agindu dute markagailuan hasieratik eta une batzutan hiru goleko errenta ere lortu dute: 3-6 eta 7-10. Markagailuan atzetik egon arren, Pablo Garciaren jokalariek gogotsu jokatu dute: defentsan sendo eta kontraerasoan bikain. Bidasoaren errenta murriztu eta berdintzekotan egon dira hiru alditan, baina ez dute lortu 22. minutura arte: 10-10.
Berdintzea ez ezik, aurretik ere ipini dira (11-10 eta 12-11), baina Fernando Bolearen taldea joan da aldageletara abantailarekin: 12-13.
Bukaera oso beroa
Lehen zatiko azken minutuen antzerakoak izan dira bigarrenaren hasierakoak. 2-0ko partziala eginez aurreratu da berriro Ford Mugarri. Bidasoak gol bateko errenta hartu du segidan (14-15) eta arrasatearrek berdindu egin dute berriro (15-15).
Une horretan hasi da apurtzen partidua. Ford Mugarri bost minutu egon da golik sartu barik eta Bidasoak egoera aprobetxatu du lau goleko abantaila hartzeko: 15-19, 11. minutuan. Tarte horretan, errenta murrizteko bi kontraeraso huts egin dituzte etxekoek: Josu Herrerok eta Iker Zubiaurrek kanpora bota dituzte jaurtiketak.
Amore eman barik, abantaila murrizten ahalegindu dira arrasatearrak, baina ordurako tentsioa zen nagusi kantxan. Epaileak hartutako erabaki batzuen kontra egin dute etxeko jokalariek eta horrek asko nahastu du azken minutuetako giroa.
Akaso urduritasun eta tentsioak uneak hobeto kontrolatu dituzte irundarrek. Azken minutuetan, askoz hobeto jokatu du Bidasoak.