Arrasate Musikaleko banda: 20 urteko ibilbidearen erretratua, kontzertu modura, bihar

Miren Arregi Amasorrain 2014ko abe. 30a, 08:49

Abenduaren 31n, 13:00etan, Amaia Udal Antzokian. Orduantxe egingo du Arrasate Musikaleko bandak kontzertu berezi-berezia: 20. urteurrena ospatzeko, sorreran zuzendari izan zuen Jose Ramon Vitoria eta orduko hainbat musikarik, gaur egungo zuzendari Mikel Markiegirekin eta musikariekin eskainiko dutena. Aurretik, 11:00etan, kalejira egingo dute, orain 20 urte egindako berbera.

Pablo Solozabalen, Johann Straussen, Jan de Haan-en… piezak interpretatuko dituzte Amaia antzokian, zazpi guztira. Baina kontzertua bi zatitan banatuko dute.

Lehen zatia, orain 20 urtekoa

Lehenengoa orain dela 20 urte zuzendari izan zen Jose Ramon Vitoriaren eskutik, hiru pieza interpretatuz. 1994an, Arrasate Musikaleko bandak udaletxeko arkupeetan lehen kontzertua egin zuenean interpretatuko piezak dira, alegia.

Eta bigarren zatia, berriz,gaur egungo zuzendari Mikel Markiegiren gidaritzapean egingo dute.

Kontzertuaren aurretik, gainera, kalejira egingo dute, 11:00etan. Eta kasu horretan ere, orain dela 20 urte egindako kalejira berbera izango da, Jose Ramon Vitoriaren zuzendaritzapean.

20 urteko historiarengatik, eskerrik asko

"1994ko abenduaren 31an eskaini zuen bere lehenengo kontzertua eta 20 urte pasa dira harrezkero, 20 urte bizipen ezberdinekin: emozio, zirrara, nerbio, akats eta garaipenekin; 20 urte jendearen aurrean barruan daukaguna adierazten ikasteko; 20 urte banda entzuten egon den pertsona orori eskerrak emateko.

Garai hartan On Jose Ramon Vitoriak behar bat nabaritu zuen, aurreko 20 urtetan banda gabe egon zen Arrasate herriaren beharra, eta izugarrizko kemena erakutsiz, On Juan Artzamendik sortutako Arrasate Musikal oinarri moduan hartuta, eta inguruko herrietatik etorritako musikarie laguntzarekin, gaurko talde honetarako abiapuntua izango zen lehenengo kontzertua eskaini zuten udaletxeko arkupeetan.

Erronka zaila hartu zuen bere eskuetan, baina aldi berean etorkizun interesgarria zabaldu zuen bere aurrean. 20 urte hauetan musikari ezberdin asko pasatu dira bandaren atriletatik, bakoitza bere izaera eta bere egiteko moduekin, baita zuzendari batzuk ere, hasieran Jose Ramon Vitoria, gero Eduardo Artzamendi, Jose Ramon Elkoro, Iker Olazabal, eta gaur egungo zuzendaria den Mikel Markiegi.

Banda honetan parte hartutako musikari guztien, edozein instrumentu edo batuta hartuta ere, bere barnetik jarritako ekarpenen isla da gaur egun aurrean dugun taldea.

Bizipen anitz izan ditu bandak ibilbide honetan, Euskal Herrian bertan eta baita Euskal Herritik kanpora eskaini dituen kontzertuetan, aipatzeko da baita ere, beste herrietako musika elkarteetako taldeekin harremanak sendotu egin dituela.

Horregatik, eta gure begien aurrean dugun etorkizun zabalean beteko ditugun proiektu guztiengandik, mila esker denoi, Arrasateko  Udala, entzule, musikari, irakasle, burutatzaile, laguntzaile, eta azken finean pertsonei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak