Gaur izango da egun handia, baina asteburutik ari dira arrasatearrak motorrak berotzen: atzo iluntzean, esaterako, santamasetako protagonista nagusietako bi, Holan eta Merke txerriak, aurkeztu zituzten; eta domekakoaren aurretik beste estreinaldi bat ere izan da santamasen bueltan: kuadrillen arteko lehen herri probak egin zituzten zapatuan.
Alkate ohiarekiko elkartasuna
Jai kontuez gainera, baina, elkartasuna ere agerian izango da, buruko zapi modura. Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiaren aurkako epaiketa urtarrilaren 12an hasiko da Madrilen. Hala, INOereLIBRE ekimeneko kideek honako eskaera hau egin diete herritarrei: "Santamas jaietarako zapi laranjak atera ditugu. Laranjaztu dezagun Arrasate jai hauetan, epaiketa politikoen aurkako eta Inoren aldeko aldarria ikus dadin", diote. Zapiak Irati, Taupa eta Monte tabernetan daude salgai, eta santamas egunean Herriko Plazan egongo den talo postuan.
Autoen zirkulazioa eten egingo dute gaur herriko zenbait errepidetan
Santamasak direla-eta autoen zirkulazioa eten egingo dute herriko zenbait gunetan. Biteri etorbidea atzo ezkero (15:00) itxita dago eta gaur egun osoan zehar egongo da itxita. Garibai etorbidetik ere ezingo da autorik pasatu gaur, egun osoan. Era berean, Garibaiko autobus geltokia Hotel Mondragon ondoan egongo da.
Gaurko egitaraua
- 09:30 Herriko kaleetan, UDALAXPE txistulari taldearekin DIANA.
- 10:00 Laubide plazan, GANADU FERIA.
- 10:00 Biteri etorbidean, HEGAZTI ERAKUSKETA.
- 10:00 Seber Altube plazan, FRUTA eta BARAZKI ERAKUSKETA eta LEHIAKETA.
- 10:30 Jokin Zaitegi plazan eta ganadu feriaren inguruetan, ARTISAU langintzen jarduera FERIA.
- 11:00 Herriko Plazan, Aramaixoko Sagardogileen SAGARDO dastaketa eta TALOAK.
- 11:00 Herriko kaleetan, BENTA ZAHARREKO MUTIKO ALAIAK, euskal kantu kalejira.
- 11:30 Kalejira: ARROSTAITZ eta LORE GAZTEAK dantza taldeak, Arrasateko TRIKITILARIAK, UDALAXPE txistulari taldea, ALBOKARIAK eta Arrasateko GAITEROAK.
- 11:30 ITURENGO JOALDUNAK.
- 11:30 INCANSABLES txaranga.
- 11:30 Herriko Plazan, Arrasateko ALBOKARIEN ekitaldia.
- 12:00 Zaldibarren, HERRI KIROLAK.
- 12:00 Herriko Plazan, LORE GAZTEAK dantza taldearen saioa.
- 13:00 Zaldibarren, IÑAKI PERURENARI omenaldia.
- 13:00 Herriko Plazan, Arrasateko TRIKITILARIEN saioa.
- 13:30 Herriko Plazan, Arrostaitz DANTZA TALDEAREN ekitaldia.
- 13:45 Herriko Plazan, TXERRI-DANTZA herrikoia.
- 14:15 Portaloitik irtenda KALEJIRA HERRIKOIA Musakolako kiroldegiraino.
- 14:30 Musakolako kiroldegian, HERRI BAZKARIA. Txartelak: Monte, Kajoi, Basati eta Bengoa tabernetan. Salneurria: 18 €. Umeentzat tailerrak egongo dira, Txatxilipurdiren eskutik.
- 17:30 Uarkape pilotalekuan PILOTA PARTIDUAK. Lehenengoa, emakume palistak: Goikoetxea-Mendizabal / Irazustabarrena-Arozena; bigarrena, eskuz binakakoa: Mendizabal-Pascual / Lasa-Tolosa.
- 19:30 Herriko Plazan TXERRI-DANTZA eta LARRAIN-DANTZA.
- 20:00 Herriko Plazan, TXERRI ZOZKETA.
- 20:00 / 23:00 Herriko Plazan, dantzaldia EGAN taldearekin.
- 20:30 Amaia antzokian, BERTSO saioa. Bertsolariak: Andoni Egaña, Amaia Agirre, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzailea: Manex Agirre. AEDk antolatuta.