Gitarra hartuta, Errusian barrena

Maialen Torres 2014ko abe. 20a, 13:10
Sala, ezkerretik hasita bigarrena, Bad Co. Project taldekoekin.

Bad Co. Project taldeak hainbat kontzertu eskainiko ditu Errusian asteburuan, eta eurekin izango da Asier Sala Strummer. Taldekide baten azken orduko baja dela-eta proposatu zioten asteburuko biran gitarra-jotzaile lanetan aritzea, eta hark gogo onez onartu zuen eskaintza.

Izan ere, "erlazio ona" du arrasatearrak taldearekin, The Moterfuckersen ari zenean eta oraingo Dirty Brothersekin kontzertuak eskaini izan dituzte-eta elkarrekin. 

"Niretzat ohorea da haiekin jo eta elkarrekin horrelako esperientzia bat bizitzea", dio Salak, eta honela kontatzen du azken egunetan bizitakoa: "Beste hogei lagunekin batera Berlinera joan nintzen joan den asteburuan, Clash tabernaren urteurrenera, eta orduan erabaki nuen Bad Co. Projeckt-eko taldekideekin han geratzea. Astebetez gogor entseatu dugu, eta, oraingoz, dena ondo doa", azaldu du biraren atarian.

Esperientzia ahaztezina 

Gaur dute lehen kontzertua, San Petersburgoko MOD klubean, eta urduri dago Sala: batetik, Errusian dagoen lehen aldia delako; eta bestetik, beretzat esperientzia hori erronka delako: "Urduri nago, ondo egin nahi dudalako", dio. Zapatuan eta domekan ere kontzertu bana eskainiko dute. Ryazango DK klubean lehena eta Moskuko Rock Housen bestea. Gainera, kontzertu guztiak Purgen punk talde errusiar ezagunarekin joko dituzte.

Negu errusiarreko hotzak ez du kikildu musikari arrasatearra, eta gogotsu dago kontzertuei ekiteko. Izan ere, ziur dago esperientzia "ikaragarria" eta "ahaztezina" izango dela. Berlingo lagunek, ordea, ohartarazi diote errusiarrek ez dutela ingelesez oso ondo egiten, eta zaila izango dela hango jendearekin harremana estutzea, eta berak ere aitortzen du ez dabilela oso fin ingelesari dagokionez. Dena den, Salak ez du hori oztopo gisa ikusten. Izan ere, bere esanetan: "Horrelakoetan, musikaren hizkuntza nire ingeles kaxkarraren gainetik jartzen da". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak