Nola aurreikusten duzue biharko lehia?
Bi partidu geratzen zaizkigu lehen buelta amaitzeko. Izan ere, guretako oso partidu garrantzitsua da biharkoa, puntuak lortzeko, batik bat; horrekin batera, gogotsu gaude erronka handia delako. Hondarribia talde oso gaztea izan arren, duela gutxi igo baita kategoriaz, indartsu datorrela bistakoa da. Oso talde ona dela uste dugu. Esan beharra dago ere, ez dituztela puntu larregi, –6 punturekin, 14. postuan daude sailkatuta– baina, nolabaiteko kezka badugu gure sailkapeneko postua mantentzeko. Eta noski, garaipenaren bila goaz, are gehiago etxean jokatzen dugula kontuan izanda.
Bestalde, Euskal Kopako final-laurdenak gainditu dituzue. Prest finalerdietarako?
Urtarrilaren 4an, domeka, lehiatuko gara Euskal Kopako finalerdian Bidasoaren aurka. Hitzordua 12:30ean izango da Iturripen. Gu baino kategoria bat gorago dagoen taldea da, beraz, ez da izango samurra Bidasoako mutilak menderatzea.
Nolakoa izan da zuen ibilbidea aurtengo Euskal Kopan?
Euskal Kopa arraroa izaten ari da aurtengoa. Zorionez edo zoritxarrez hasierako partiduetan talde oso indartsuen aurka jokatu genuen eta samur irabazi genuen; sorpresa handia izan zen hau guretako. Final-laurdena Eibarren aurka jokatu genuen; indartsu zetorren taldea, norgehiagoka bat bera ere galdu gabe zegoelako. Halere, irabazi genien, puntu bakarrarengatik bada ere.
Eta aurrera begira?
Urtarrilaren 4ko partidua irabazten duenak Zarautz edo Barakaldoren aurka jokatuko du. Aipatzekoa da, Bidasoarekin batera, bi hauek ere gu baino maila altuagoan jokatzen duten taldeak direla. Baina, ilusioz eta ahalegin handiz ekingo diogu lanari. Geroago gertatuko dena nork daki; ahal duguna egingo dugu emaitza hoberenak lortzeko.
Gabonetan deskantsu gutxi orduan...
Astebeteko deskantsua hartuko dugu, besterik ez. Gainontzeko egunetan entrenamendua izango dugu; astean lau entrenamendu egiten ditugu. Ligako postuak mantendu gura baditugu ezin gara denbora luzez geldi egon. Gainera, urtarrileko Euskal Kopako norgehiagoka hortxe dago, eta bestalde, urtarrilaren 11an berriro ere ekingo diogu ligari. Beraz, ez; ez dago deskantsu luzeetarako denborarik.