Arrasateko titulatu berriendako lan poltsan izena emateko epea zabalik dago oraindik

Ander Larrañaga 2014ko abe. 15a, 13:08

Arrasateko udalak Saiolanekin batera titulatu berriendako programa jarri du martxan, 2014ko Enplegu planaren barruan. Programa hori arduratzen da duela bi urtetik gaur arte titulatu diren arrasatearrei sei hilabetetarako lan eskaintza aurkitzeaz. Aurtengo deialdian 12 proiektu jarri dira martxan eta hilaren 30a arte dago izena emateko epea zabalik.

Urriaren 1ean jarri zen martxan programa hori eta 44 pertsonak eman zuten izena. Horietatik 12 pertsona aukeratu dituzte, inguruko 12 enpresa txikietan proiektuak garatzeko. Aipatzekoa da, kooperatibak ez diren enpresak bultzatu dituztela proiektuan parte hartzeko; 12 horietatik bi bakarrik dira Mondragon taldekoak. Sarraigintza, IKTak, makineria, produkzio mikro-teknologikoa, ikerketa eta garapena, gatzaren ekoizpena eta enpresako zerbitzu aurreratuen inguruko proiektuak izango dira. Nahiz eta proiektu batzuk dagoeneko ezarrita dauden, abenduaren 30a arte eman ahal dute izena lan poltsa horretan interesatuta daudenak.

Saiolan eta udala elkarlanean

Esan bezala, Arrasateko udalak Saiolanekin elkarlanean egindako proiektua da. Udala arduratu da lan poltsa bat egiteaz eta Saiolan interesatuta egongo liratekeen enpresak aurkitzeaz. Horiek horrela, 44 pertsona horietatik 20 elkarrizketatu dituzte eta iragazki bat pasa ostean, 12 pertsona aukeratu dituzte; sei emakumezko eta sei gizonezko; hamar unibertsitateko titulatuak eta bi lanbide heziketako goi-mailako titulatuak. Sei hilabetetarako lan egingo duen bekadunak, sei orduko jarduna izango du enpresan eta 800 euro jasoko ditu hilean. 50.000 euroko aurrekontua zuzendu du udalak 12 proiektu horietarako.

Azpimarratzekoa da ere, aukeratuak izan ez direnak lan poltsa horren barruan mantenduko direla datozen deialdietarako.

Enpresendako bultzada

Arrasaten enplegua sustatzeko planaren barruan udalak martxan jarri zituen lau ildoetako bat da hauxe, titulatu berriei zuzendutako beka programa hau. Beraz, programa honen helburu bikoitza bistakoa da: alde batetik, Arrasateko titulatu berriei lan esperientzia garatzeko aukerak ematea bertako enpresetan; eta bestetik, herriko enpresen sareari, bertako titulatuak profesionalki ezagutzeko eta euren lanaren ekarpena eskuratzeko aukera zabaltzea.

Programak jarraipena izango du

Datorren urte hasieran 2014ko Enplegu Planaren balorazioa egingo du udalak; 2015ean Enplegu planarekin jarraitzeko asmoa du. Beraz, beken programa horrek ere izango du jarraipena eta titulatu berriak direnak animatu gura ditu udalak poltsan izena ematera; esan bezala, baldintzak betetzen dituzten guztiak mantenduko dira poltsan, eta euren esanetan "lan esperientzia garatzeko aukera interesgarria izan daiteke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak