Haurrak izan ziren kontzertuari hasiera eman ziotenak. Goikobaluko tailerrean dabiltzan 4-6 urte bitarteko txikienek koreografia eta guzti jarri zieten hainbat abestiri. Gabonetako apaingarriak zituzten, gainera, soinean. Goikobalu abesbatzako kantari txiki eta gazteek ere parte hartu zuten kontzertuan eta gurasoen txalo zaparradak entzun ziren euren abestien ostean.
Gaztetxoen ostean, nagusien txanda iritsi zen eta Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean zazpi abesti kantatu zituzten. Batzuk, taldearen errepertorioko abestiak, eta beste lau abesti kontzertuan bertan estreinatu zituzten: ABBAren Chiquitita, Richard Rodgersen Blue Moon, Aita Madinaren Gabonetako abesti bat eta Errege Magoen beste abesti alai bat. "Denbora oso gutxi izan dugu entseatzeko, baina kontzertua ondo atera da", azaldu zuen Maidagan zuzendariak.
Amaitzeko, Goikobaluko adin guztietako abeslariek Hator, hator abestia kantatu zuten batera.
Harremanekoak eskertuta
Harreman erakundeko idazkari Cristina Etxenausia eskertuta zegoen Goikobalukoek eman zuten kontzertuarengatik: "Gustura hartzen dugu urtea amaitzeko Goikobalu abesbatzetakoen kontzertua. Oso-oso garrantzitsua da guretzat kontzertu hori eta hemendik Goikobaluko guztiak eskertu nahi ditugu".