Saskiok askotariko produktuez osatuta daude: bi cava botila, lau ardo botila, gazta, txorizoa, saltxitxoia, pikillo piperrak, zainzuriak, ananak, turroiak eta bonboiak, besteak beste.
Ibai-Arteko zuzendaritza taldeko kideen arabera, "sekulako harrera" izaten du saskien ekimenak: "Oso pozik gaude herritarrek egiten dugun lana baloratzen dutelako. Aurtengoa bosgarren urtea da eta dagoeneko oso errotuta dago bezeroen artean. Gabonetako saskien ekimena geratzeko etorri da".
Loteria-txartelak doan
Saskien zozketa ez da, baina, Ibai-Artek Gabonetara begira antolatu duen ekintza bakarra. Elkarteko kide diren edozein saltokitan erosketa egiteagatik Errege eguneko loteria-txartelak oparituko dituzte; 72.608 zenbakia duten txartelak, hain justu.
Horrez gain, joan den zapatuan haur eta gaztetxoendako egin ziren animazio ekintzak errepikatuko dituzte hilaren 20an; tirolina, pendulua, puzgarriak, joko ludikoak, super-jumping-a, mahai-futbol erraldoia... Zabala izango da eskaintza; Biteri plazan, 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Helburu argia du ekimenak: "Adin guztietako haur eta gazteek Gabon garaiko egun hauetan Arrasaten gozatzea gura dugu", diote Ibai-Artekoek.
Bezeroekin batera, cava kopa
Era berean, nobedade moduan, urtea cavarekin topa eginez bukatuko du Ibai-Artek: "Abenduaren 31n cava kopa batez gozatu ahal izango dute bezeroek 12:00etatik aurrera, Ibai-Arteko kide diren saltokietan".
Bestalde, udalerria girotu eta Gabon giroa emateko kaleak argiztatu dituzte Gabonetako argidun bola eta errezelekin saltoki, fatxada eta balkoiak apainduz. Horrez gain, Ibai-Arteko loreontziak ere pazko loreekin apaindu dira.