Abenduaren 4an erakutsi zuten estreinakoz jendaurrean, Gernikan. Harrezkero, Ondarroan, Durangon, Iruñean, Urretxun, Azpeitian eta Gasteizen izan dira. Asteburuan ere beste hiru emanaldi egingo dituzte: Arrasatekoaz gainera, Baionan eta Markinan. Hain justu, Arrasatekoa izango da aurten elkarrekin egingo duten azkeneko zuzenekoa, bi asteotako bira maratonianoaren ondoren musikari bakoitzak bere ohiko lan-jarduerei helduko die-eta. Arrasateko kontzerturako sarrerak zazpi eurotan salduko dituzte: leihatilan eta on line ere bai.
Parkean ezagutu zuten elkar
Ondarroakoa da Keu Agirretxea, eta aita ondarrutarra zuen italiarra da Xabier Iriondo. "Ez nuen ezagutzen, baina aspaldi nuen haren berri, urtero etorri izan da-eta, besteak beste, udako oporretan, egun Afterhours talde famatuko kidea den Ondarroako italiarra. Duela hiru urte ezagutu genuen elkar, nor bere haurrarekin, jolasparkean geundela. Nire musika-lan batzuk erakutsiko nizkion, hark ere nire erreferentzia musikalak izateko. Urrian hasi ginen, posta elektronikoz bidalitako mezuen bitartez, musika-ideiak eta grabazioak partekatzen. Handik bi urtera konturatu ginen diskoa osatu genuela. Aspalditik lankide ditudan Maukako lagunei erakutsi ondoren, argitaratzea erabaki genuen", esan du Keu Agirretxeak.
Ondarroako lantalde indartsua batu zitzaien proiektura: Josu Eizagirre bideogilea eta Yolanda Eizagirre argazkilaria, besteak beste. Aipatutakoez gainera, luxuzko kolaboratzaileak ere izan dituzte; besteak beste, hainbat kanturen hitzak egin dituzten Kirmen Uribe eta Mikel Etxaburua.
Oso lan 'ondarrutarra'
Diskoaren azalean agertzen den buruhandien irudiaz gainera, proiektu horretan hainbat dira Ondarroari egindako keinuak; adibidez, kantuetan aipatutako herriko kontuak.