"Intimitatearen aurkako erasotzat" jo dute udaltzainek bi kamera jarri izana udaltzaingoan

Mirari Altube Arrese 2014ko abe. 11a, 11:16
Udaltzainen salaketa.

Udal gobernua: langileen aurkako erasoak gelditu! lelodun pankarta jarrita dago Arrasateko udaltzainen egoitzan. Eta Udaltzaingoaren kolektiboak prentsa oharra atera du bizi duten ezinegonaren berri emateko. Izan ere, bi kamera jarri dizkiete eta Udal gobernuaren erabaki hori "intimitatearen aurkako erasotzat" jo dute.

Jakinarazi gura dute hiru urte eta erdi daramatzala Udal gobernuak "aldebakarreko erabakietan" langile gisa lortutako "eskubideak murriztuz". Diotenez, orain arteko eraso bakoitzari "eskuzabaltasunez" erantzun diote udaltzainek: "Zubiak eraiki eta elkarrizketa zintzoa lortzeko asmoz". Baina eskuzabaltasun hori "ahulezia" moduan ulertu duela Udal gobernuak gaineratu dute, eta langileen eskubideen aurkako "enbata murriztailearekin" jarraitu. Hala, jakinarazi dute udaltzainen lan eremuan bi kamera jarri dituztela: lanerako sarreran bata, eta bestea, harreran, "udaltzaina uneoro grabatuz". Eta erabaki hori "intimitatearen aurkako erasotzat" jo dute. Gainera, kamera horiek "legeztatu barik" daudela diote. Herritarrak gonbidatu dituzte kamerak non dauden ikustera "baiezta dezaten horien kokapenak gure eguneroko jarduerarekin zer ikusirik ez duela".

Bukatzeko Udal gobernuari eskatu diote berehala kentzeko kamerak eta elkarrizketarako baldintzak sustatzeko.

Prentsa oharra

Hona prentsa oharra:

Prentsa ohar honen bitartez Arrasateko udaltzaingoaren kolektiboak zera eman nahi du jakitera:

Lehena: Hiru urte eta erdi daramatza Udal gobernuak aldebakarreko erabakietan langile gisa lortu ditugun eskubideak murriztuz.

Bigarrena: Orain arte, eraso bakoitzari, eskuzabaltasunez erantzun diogu zubiak eraiki eta elkarrizketa zintzoa lortzeko asmoz.

Hirugarrena: Udal gobernuak gure eskuzabaltasuna ahulezia bezala ulertu du eta langileon eskubideen aurkako enbata murritzaileekin jarraitu du.

Laugarrena: Udaltzaingoaren lan eremuan Udal gobernuak bi kamera jarri ditu; udaltzainen lanerako sarreran bata eta bestea harreran dagoen udaltzaina uneoro grabatuz eta erabaki hau gure intimitatearen aurkako erasotzat jotzen dugu.

Bosgarrena: Oraindik orain kamera hauek legeztatu gabe daude eta udaltzaingoaren kolektiboak egoera honen aurrean gure ezinegona adierazi nahi dugu.

Seigarrena: Nahi duen herritar orori kamerak ikusteko aukera luzatzen diogu baiezta dezan berauen kokapenak gure eguneroko jarduerekin zer ikusirik ez duela.

Zazpigarrena: Udal gobernuari eskatzen diogu berehala kamerak kentzeko eta elkarrizketarako behar diren baldintzak sustatzeko.

Arrasateko udaltzaingoaren kolektiboa

Udalak ezer esatekorik ez

Udalak, bere aldetik, oraingoz ez duela ezer esateko "gai horren gainean hedabideetan" jakinarazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak