Azken jokaldia ondo defendatuta irabazi dio Ford Mugarrik Pulpori

Xabier Urtzelai 2014ko abe. 7a, 09:52
Kepa Isasmendi, erasoan.

Musakolako kantxan batutako zale koadrilak azken jokaldira arte ez zuen lasaitzerik izan, Ford Mugarriren eta Pulporen arteko partidua ezin parekatuagoa izan zelako. Pentsa, partidua amaitzeko bi minutu faltan markagailuak 31-31 erakusten zuen, eta Herrerok 32. gola egin ostean garbi zegoen etxekoek defentsa lanean oinarritu beharko zutela azken jokaldia. Hor, joko fisikoa bilatu zuten moreek, defentsa gainditu ezineko horma bilakatu zuten, eta zumaiarrek aldeko zuten faltatik ezin izan zuten etekinik atera. Azken jokaldian Bernali txartel gorria erakutsi zion epaileak, baina ordurako poltsikoan zituzten bi puntuak. 

"Benga mutilak, gureak dituk!", oihukatzen zuten Musakolako kantxako harmailetatik zale zumaiarrek. Koadrilatzarra etorri zen, zaratatsuak gainera, eta etxeko jokalariak kantxan erne egoteaz batera, zale arrasatearrek ere espabilatu egin behar izan zuten, horixe falta zen, etxean egon eta kanpokoei gehiago entzutea. Iturripen zen jokatzekoa Ford Mugarriren eta Pulporen artekoa, baina itoginak tarteko, eskubaloi familia osoa Musakolara joan behar izan zen partidua jokatzera. Nahiz eta konponketa batzuk egin, Iturripeko sabaiak buruhausteak ematen jarraitzen du, eta konponbideren bat beharko du, bertan lehiatzen diren taldeak ez dabiltzalako nolanahiko kategoriatan –EBAn MU saskibaloi taldea, eta Liga Nazionalean Ford Mugarri Arrasate. 

Soluzioa, baina, ez zen txarra izan –Musakolan jokatzearena– bertan zaleak gain-gainean egoten direlako, eta jendea baldin badago giro ederra egoten delako. Eta bai, jendea zegoen. Hala, partidua joko aldetik borobila izan ez bazen ere, jokalariei ezin zaie ezer aurpegiratu, intentsitatez jokatu zutelako.

Parean egon ziren indarrak, aurrez ere jakinekoa zen horrela gertatuko zela bosgarren eta seigarren sailkatuak zeudelako aurrez aurre. Eta, ze garesti dagoen sailkapenean aurrerapauso bat ematea. Iker Otegik estreinatu zuen markagailua etxekoen alde, eta hor hasi zen lehia. Etxekoak joko estatikoagoaz, Pulpo kontraerasoan min egin guran, eta azkar jokatzeko jokalari gazteekin (eta kopuru aldetik talde politaz). 

Lehenengo zatia amaitzeko minutu gutxi falta zirenean, baina, Arrasatekoen jokoak behera egin zuen, eta Pulpok 4 goleko aldea egin zuen hor (12-16). Arriskutsua zen lehenengo zatia hori baino alde handiagoaz amaitzea, bigarrenean egin beharreko esfortzua bikoizten zuelako, baina zorionez, azken jokaldietan egoera zuzentzea lortu zuten, eta partidua berdindu barik, baina bi goletara murriztu zuten aldea (14-16).

Parean azken segundora arte


Bigarren zatia hasi eta ostera ere Ford Mugarrik eman zuen lehen kolpea, Herreroren eskutik (15-16), baina 30 minutuko borrokaldi gogorra zuten aurretik. Pablo Gartziaren mutilak bigarren zatiko 15. minutura arte ez ziren gauza izan markagailuan aurreratzeko. Entrenatzaile oñatiarrak erritmo handiagoz jokatzeko eskatzen zien jokalariei, eta hauek azeleragailua sakatu zuten. Penaltiz egin zuen Isasmendik 24-23koa baina Pulpo ez zegoen amore emateko. Minutu horietan erabakigarria izan zen Bernalen erasorako gaitasuna, denbora tarte horretan hirutan zulatu zuelako kanpotarren atea, eta lehen aipatu moduan, Iker Otegik egindako golari esker 31ko berdinketaz iritsi zen partidua azken tartera. Hor, etxekoek, esperientziatik egin zuten tira, Herrerok egin zuen 32.a, eta azken minutuan moreak araudiaren mugan ibili ziren azken jokaldi hori defendatzeko (32-31). Baina hori ere jokoaren parte da.   

Euskal Kopako kanporaketa, astelehenean

Atseden hartzeko tarte txikia izango du Ford Mugarri Arrasatek, Euskal Kopako final-zortzirenak jokatuko dituztelako bihar Arrasaten (11:30). ikusteko dago Iturripen edo Musakolan izango den partidua. Gainera, ligako oilarra izango dute aurrean, Eibar: "Partidu zaila izango da, oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta egia da Bidasoa moduko talde bat gehiago gura genuela, beste modu batean jokatzen dutelako, baina Eibar egokitu zaigu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak