Pilotari gazteek ez dute aspertzeko tarterik izango aurtengo Gabonetan

Maialen Torres 2014ko abe. 5a, 11:21

Gabon sasoian jo eta su arituko dira pilotari gazteak. Izan ere, Arrasate Pilota Elkarteak eta bailarako beste klub batzuek hainbat ekintza prestatu dituzte abendurako. Horren adibide da  dagoeneko martxan den santamasetako txapelketa. Herriko pilota klubak antolatuta, 6 eta 12 urte arteko pilotari gazteak ari dira bertan lehian.

Santamasetako txapelketa

Finalerdietarako sailkatzeko ligaxka gaur bertan amaituko da, eta orduan erabakiko da datorren egubakoitzean nortzuk izango diren norgehiagokan. Finala, berriz, abenduaren 19an egingo dute. Aurten, gainera, "oso maila polita" dago santamasetako txapelketan; hala esan du, behintzat, Ibai Bolinaga antolakuntzako kideak.

Gabon kopa

Pilotari gazteek abenduaren 26tik 28ra izango dute hurrengo erronka. Izan ere, egun horietan egingo dituzte Gabon kopako finalerako sailkapen ligaxka eta finalerdiak. Bailara mailako txapelketa horretan, Bergarako, Oñatiko, Antzuolako, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Arrasateko pilota klubek hartuko dute parte, eta partiduak herririk herri jokatuko dira, 10:00etatik 12:00etara, mailaren arabera banatuta. Arrasaten alebin mailakoek jokatuko dute. Finala, berriz, hilaren 31n izango da Oñatin, hura ere goizez.

Izena emateko asmoa dutenak oraindik garaiz dabiltza, epea abenduaren 9ra arte zabalik izango da-eta. Dena den, antolakuntzatik jakinarazi dute gehienez zortzi bikote onartuko dituztela maila bakoitzean, denbora mugak direla-eta.

Gipuzkoako txapelketa

Federatuen txapelketa ere amaitzear da Gipuzkoan, eta Arrasate Pilota Elkartekoek hainbat lorpen eskuratu dituzte aurten. Horietan azpimarragarriena gazteen bigarren mailan Markel Moronek eta Josu Egiak irabazitako txapela da. Joan den egubakoitzean ekarri zuten etxera, Hernanikoak Amezketan garaitu ostean. Kategoria bereko lehen mailan, Garatek eta Zezeagak finalerdietara iristea lortu zuten.

Kadeteetan, berriz, Muruak eta Llodiok finalerako txartela eskuratzeko aukera izango dute, hernaniarrei etxean irabaztea lortuz gero. Arrasateko bikotea ligaxkako partidu guztiak irabazita iritsiko da datorren egubakoitzeko finalerdira. Alebin mailan, eskuz banakakoan, Aratz Narbaizek final-laurdenetara iristea lortu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak