Mataderixe-ko zarata fabrikatik ateratako ozen eta ilunenak, izango ditugu bihar Kooltur Ostegunean (gaztetxea, 22:00etan). Baliteke azkoitiarrak zuzenean ikusteko azken aukeretako bat izatea biharkoa, iheskor, atseden hartzekotan baita taldea, egun boskotean diharduena. Hala, gaztetxeko hormek nekez eutsiko dioten burrunba espero da bihar.
90etan Azkoitiko Mataderixe-ko oparoaldi sortzailean jaiotako talderik esanguratsuenetakoa da Akauzazte. Musika ilun, industrial, ozen eta astuna ikur egin zuten hamarraldi kartsuan. Harrabots basari emanak, bide erabat autonomo eta bereziari heldu diote hasieratik; politikoki ere, kultura ekoizpen eta kudeaketa askatasunari lotuak, autoekoizpenean eta banaketa librean.
Ekite modu horri beti leial, ezin hobeto islatu dute 7 disko eta hamaika kolaborazio eta proiektutan zarata murru baten bidez atzitutako angustia, larrimin eta itomena. Ohi bezain ihesle, orain atseden hartuko dutela diote. Baliteke hortaz, Arrasatekoa haiek zuzenean entzuteko azken aukeretako bat izatea. Edozelan ere, aukera bakanetako izango da, izan ere.