Ford Mugarrik 21-19 galdu du Somos Eibarren aurka

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko aza. 30a, 17:16

Arrasateko mutilak esku hutsik itzuli dira Somos Eibar eskubaloi taldearen aurka jokatuta lehiatik. "Talde sendoa zela bagenekien, liderrak dira-eta", zioen Pablo Gartzia entrenatzaileak. Mondragoetarrek joko ona erakutsi zuten, batez ere lehenengo zatian. Zerbait gehiago ere merezi izan zuten, baina azkenean puntu barik itzuli ziren etxera (21-19).

Lehenengo zatian arrasatearrak gehiago izan ziren. Hobeto jokatu zuten eta markagailuan beti ibili ziren bi edo hiru goleko abantailaz aurretik. Batez ere, defentsan egin zuten lan ona arrasatearrek: gogor defenditu zuten euren atea.

Defentsa mistoa

Bigarren zatian, Eibarko taldeak defentsa aldatu zuen. 6-0tik 4-2ko defentsara pasa ziren. Defentsa mistoak min handia egin zion Gartziaren taldeari. "Defentsa mistoa egin digute eta ez dugu jakin horri aurre egiten", azaldu zuen "ez dugu egoera kudeatu", gaineratu zuen. Jokatzeko modu berrira ezin egokituta, Arrasateko taldeak falta asko egin zituen eta ondorioz epaileak jokalariak egotzi zituen. Momentu batean, bi jokalari gutxiagorekin jokatu zuen Ford Mugarrik.
Bigarren zati horretan, Eibarko taldea lau goleko abantailarekin ibili zen goitik; minutuak pasa ahala, baina, abantaila txikitu egin zuten: "Hala ere, eurak beti ibili dira gol bat edo bi aurretik", azaldu zuen Gartziak.

Zumaiarren bisita

Ford Mugarrik bosgarren postuan jarraitzen du 15 punturekin. Datorren astean Zumaiako Pulporen bisita izango dute Iturripen. Partidua zapatuan izango da, 18:30ean. Berebiziko garrantzia izango du lehiak; izan ere, Pulpo seigarren postuan dago sailkapenean, Ford Mugarriren puntu berdinekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak