Galtzen hasi ziren, 0 eta 3, baina denboraz erreakzionatu zuten eta markagailuari buelta eman, 7 eta 3 jarriz. Ondoren, 14 eta 3 etorri zen, eta halaxe bukatu zuten lehen zatia.
Presio handia egin zuten etxekoek, eta bigarren zatian bonus puntua lortu zuten lau entsegu egin ondoren. Igor Isasi entrenatzaileak zera zioen: "Gaurko helburua bonus puntua lehenbailehen lortzea zen, eta nola ez, etxean garaipena eskuratzea. Beraz, helburuak bete ditugu. Hala ere, esan beharra dago 35 eta 3ra iritsi garenean erlaxatu egin garela. Azken bost minutuetan bi entsegu sartu dizkigute-eta". Hala ere, oso ondo jardun zuten etxekoek, bai erasoan, bai defentsan.
Tentsio uneak bukaeran
Partiduaren azken minutuetan tentsio uneak izan ziren. ARTko jokalari bat eta Irungo beste bat, kaleratu zituzten. "Irabazten ari garenean ez da komeni izaten joko horretan sartzea, guk gure jokoa egin behar dugu, baina batzuetan kosta egiten da hori kontrolatzea…", zioen Isasik.
Denboraldi bikaina ari da egiten ART. Orain arteko jardunaldi guztiak irabazi dituzte bat izan ezik. Joan den astean 50-5 galdu zuten Uribealdea taldearen aurka, baina oraingoan arantza hori kentzea lortu dute.