Atzoko kontzertuan "gero arte" esan zuten Ain_1ekoek euren lan berriarekin

Ander Larrañaga 2014ko aza. 29a, 20:12

Atzo, 'Badoa, Badirau' diskoaren aurkezpena, Arrasateko Gaztetxean.

Ain_1 talde arrasatearrak atzo egin zuen bere azken diskoko aurkezpen kontzertua. Badoa, badirau lanak "gero arte" bat suposatzen du taldearendako, otsailetik aurrera, behin diskoaren bira amaituta, geldiunetxo bat egingo dutela azaldu dutelako. Hala ere, indarrez agurtu zituzten Arrasateko Gaztetxera hurbildu ziren entzuleak. Jendez gainezka egon zen Gaztetxea; lagun, familia eta jarraitzaileek, Ain_1en azkenetariko emanaldi horretara hurbildu gura izan zuten agur esateko eta bide batez, disko berriaren doinuez gozatzeko.

'BADOA, BADIRAU' DISKOAREN AURKEZPENEKO ARGAZKIAK

Esan bezala, Badoa, badirau diskoaren aurkezpen kontzertua izan zen atzokoa, beraz, esan daiteke lan berriko kantuak nabarmendu zirela. Hala ere, aurreko lanei keinu eginaz, euren abesti mitikoenak ere interpretatu zituzten, publikoak gehiago disfruta zezan.

Ez zen ordea izan, abesti soilez osatutako emanaldia; poesia, dantza, ikus-entzunezkoak eta espektakulua uztartzen zituen ikuskizuna izan zen. Esaterako, kontzertua Sarrionandiaren berba batzuekin hasi zuten, euren "gero arte" diskoaren esanahia azaltzeko.

Bestetik, erronka berriak gainditu dituztela erakutsi dute Ain_1ekoek: euskalkian abestera edota melodium-a bezalako instrumentu "arraroekin" jotzera ausartu ziren.

Lagunarteko giroa

Eszenatokia erosoa izaten esfortzu handia egin zutela ikusi zen; aulkiek, kandelek eta argiek asko lagundu zuten ikuslegoa "etxean bezala" sentiarazteko: oso giro intimo eta epela usaintzen zen. Publikoak ere asko lagundu zuen aurkezpen kontzertua berezia izaten: bistakoa zen, lagun, ezagun eta familiarteko asko gerturatu zirela kontzertura, eurekin izandako konplizitatea nabarmentzen zelako. Horretaz gainera, kantu eta kantu artean, euren edo instrumentuei buruzko anekdotak kontatzeko edota txantxa batzuk egiteko denboratxoa hartzen zuten taula gainekoek. Publikoa berenganatzen joan ziren apurka-apurka.

Saioa borobiltzeko, esan daiteke nahiko ikuskizun osatua eta ikusteko polita izan zela. Hitz gutxitan esanda, lasai ikusi eta musikaz disfrutatzen den emanaldi horietakoa izan zen.

"Gero arte" bat izan da

Esan bezala, lan honekin taldeak bere jarraitzaileak agurtzen ditu. "Helburua zen lan berria erakustea, baina, lan berrian bagoazela esaten ari garenez, nolabaiteko agur bat ere bada" azaldu dute Ain_1ekoek atzoko kontzertuaz.

Ahotsenean ere izango dira

Hori horrela, taldeak, lozorrora joan aurretik, belarri gehiago goxatuko ditu hemendik eta otsaila bitartean eskainiko dituen kontzertuetan.
Hurrengoko emankizuna eguaztenean izango da, Berrizen. Durangoko Azokako Ahotsenean ere izango dira asteon, egubakoitzean. Horretaz gainera, euren diskoa ere bertan egongo da Musikazuzenean-en.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak