Eneko Fernandez: "Gero eta jende gehiago animatzen da antolaketan laguntzera"

Maialen Torres 2014ko aza. 28a, 16:57

Joan den asteburuan egin zituzten aurtengo Santamasetako tenis eta padel txapelketetako lehen kanporaketak. Aurten 32 pertsonak eman dute izena tenis txapelketan, eta padelekoan, berriz, hogei bikotek. Eneko Fernandez AKEko lehendakariak uste du maila "gero eta hobea" dela.

Ba al da teniserako eta padelerako zaletasunik Arrasaten?

Bai. Duela sei bat urte tenis  eta padel instalazioak hutsik zeudela ikusita, elkartea lanean hasi zen berriz, eta asko igo da zaleen kopurua. Hala ere, AUKEAk aurten martxan jarritako instalakuntzen erreserba sistema berriak kaltetu egin du tenisaren eta padelaren zabaltzea.

Zergatik?

Kirol guneak badu alde lehorrerako urte osoko bonua, eta hark balio dituen 130 euroak ordaintzeaz aparte, pistak erreserbatzeko euro bat ordaindu behar da aldiro. Neurri horren ondorioz orain jende gutxiago gerturatzen da. Gure ustez, urteko bonuak barne izan behar luke pisten erabilera eta erreserba eskubidea.

Txapelketaz gain, zein beste ekintza egiten duzue?

Errendimendua hobetzeko entrenamenduak egiten ditugu maila desberdinetan, eta gure arteko txapelketa moduko bat izaten dugu martxan urtean zehar. Erraketa egunean ere parte hartzen dugu, lantzen ditugun kirolak ezagutu ditzaten. Izan ere, horixe da gure helburua, gazteen artean afizioa sortzea. Urteroko frontenis txapelketa, berriz, urtarrilean egingo dugu ziurrenik. Squasheko taldea ahaztu gabe, haiek ere jo eta ke lanean dabiltza.

Ekimen berririk baduzue buruan?

Bai. Sanjoanetan ere antolatuko ditugu tenis eta padel txapelketak. Izan ere, gero eta jende gehiago animatzen da antolaketan laguntzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak