Gayen ohiko estereotipotik aldentzen diren beste estetika bateko homosexualak dira bear mugimendua osatzen dutenak. 80ko hamarkada bukaeran sortu zen mugimendua San Frantziskon (Kalifornia) eta berehala hedatu zen Europara eta baita Euskal Herrira ere. Gaur, zapatua, Arrasaten egingo dute mugimenduko kideek topaketa, herria mugimenduaren topagune bilakatuta.
Lehenengoa Debagoienean
Debagoieneko lehenengoa izango da gaurkoa eta Euskal Herriko eta kanpoko hartzak etorriko dira: "Hiriburuetatik kanpo, herria bilakatu gura nuen elkartzeko gune. Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan bear-en elkargune asko dago; ez, ordea, herrietan", dio topaketaren antolatzaile arrasatear Patxi Uribarrenek. Eta gaineratu du: "Euskal Herritik eta kanpotik ere etorriko dira Arrasatera; Kanadatik eta Europa iparraldetik, esaterako".
Lagunak elkartzeko aitzakia da Arras-Bear; gustu eta estetika berdintsuko gizonezko homosexualak elkarrekin egoteko aitzakia.
Arratsaldean dute hitzordua. Poteoa egingo dute lehenik, eta afaria ostean, Hamalau tabernan. Jaizale eta Haizea tabernetan jarraituko du jaiak, eta DJ Pumukik izango du jaia girotzeko ardura.
Mugimenduari erreferentziak
Hainbat izan dira telebistan zein zinean kolektiboari egindako erreferentziak. Duela hamar urte estreinatutako Miguel Albadalejo zine zuzendari espainiarraren Cachorro filma da horren erakusletako bat. Bada, beste batzuen artean, film horretan parte hartu zuen Patxi Uribarren arrasatearrak. Horren adierazle filmaren kartelean agertzea, bear estetikako beste aktore batzuekin batera.