MUk jokoa gidatuz eta jaurtiketetan asmatuz garaitu zuen Santurtzi (86-74)

Maialen Torres 2014ko aza. 23a, 11:21

Gogor borrokatuta, zaleen babes osoarekin eta azken uneraino norgehiagokaren tentsioa mantenduz irabazi zion zapatuan Mondragon Unibertsitateak Santurtziri. Iturripeko partiduan, taldeen aurrekontua baino, jokorako grina izan zen erabakigarria.

Arrasatearrek ez zuten euren onena erakutsi partiduaren hasieran, eta Josu Larreategi entrenatzaileak aitortu bezala, "partiduan sartuta" egon arren, hainbat akats egin zituzten lehen minutuetan. Santurtziarrek, bitartean, etekina atera zioten egoerari eta min egin zieten etxekoei, 2 eta 13 aurretik jarrita, Imanol Adan Santurtziko entrenatzaileak azaldu duenez, pistara euren abantailak zeintzuk diren argi izanda atera zirelako. Larreategiren mutilek, baina, erronka zaila zirudien arren, markagailuari buelta eman, eta bigarren zatian aurretik jartzea ere lortu zuten, euren buruan konfiantza irabaziz.

Trebetasunak eta akatsak

Hortik aurrera, etxekoek gidatu zuten partidua, indar eta bizitasun handiz jokatuz eta jokoan hartutako erabakietan ere asmatu zuten, "gure barruko jokalariak, euren aldean txikiak direnez, kanpotik barrura jokatu dugu, eta horrek min handia egin die", dio Larreategik.

Estatistikek ere asko diote MUkoen jokoari buruz. 20 asistentzia izan zituzten, eta Larreategiren hitzetan, "horrek esan nahi du taldeak baloia ondo mugitu duela, beti jaurtiketa egiteko jokalari onena topatuz". Barruko zein kanpoko jaurtiketetan ere oso portzentaje onak lortu zituzten etxekoek, eta jaurtiketa libreetan, normalean "nahiko txarrak" badira ere, zapatuan asko bota eta gehienak sartu zituzten.

Gainera, santurtziarrek ez zuten asmatu kanpoko jaurtiketetan, eta 23 hirukotan huts egin zuten. Akatsen jarraikortasunak eta MUkoen presioak hautsi egin zuten Adanen mutilen morala, eta sailkapenaren goiko postuetan egoteko eraikitako taldeak ezin izan zuen azken bi asteetan izaten ari den "zailtasun denboraldia" gainditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak