Arrasaten ez ezik, Bergaran, Eskoriatzan eta Elgetan ere badihardu Monterok Herrixa Dantzan saioekin eta pozik da horiek duten harrerarekin. "Lau urte daramatzagu Arrasaten eta saio guztietan dugu norbait berria. Gaurkoan, esaterako, betiko jendea egon da, eta baita inoiz etorri ez direnak ere", dio.
Helburua da batez ere ondo pasatzea, baina baita, dantza tradizionala balorean ipintzea ere. "Dantza eta musika tradizionala dira elkarrerarginerako bidea eta azken helburua da plazaren berreskuratzea", dio Patxi Monterok saioaren bukaeran. Bide horretan, gainera, "antzematen da jendea ari dela ikasten, erromerietan-eta geroz eta jende gehiago ikusten baita dantzatzen", gaineratu du. Izan ere, Monterorentzat dantza da egiteko eta ez soilik ikusteko.
Hurrengo Herrixa Dantzan saioa abenduaren 19an egingo da, Uarkapeko tabernan hori ere. Beti bezala, saioa irekia izango da.