25 urte era ezinhobean ospatu zituzten Goikobaluko Abesbatzakoek Carmina Burana operarekin. Amaia antzokia goraino bete zen zapatu gauean eta Carl Orff-en obraz gozatzeaz gain, gauak askorako eman zuen. Carmina Burana obrarekin hasi aurretik, Goikobaluko zuzendari izandako Luis Ignacio Ruiz de Algeria Jimi-k eta Eugenio Etxebestek Haurtxoa sehaskan eta Cantique de Jean Racine kantuak interpretatu zituzten.
Ostean, Iñaki Maidaganek batuta hartu zuen eta O Fortuna kantuarekin indartsu hasi zuten obra Goikobalukoek, Arrasate Musikaleko perkusio taldearekin eta Ainhoa Garmendi, Cesar San Martin eta David Azurza bakarlariekin. Azken horren interpretazioa izan zen obrako momentu bizienetarikoa; abesteaz gain Tolosarrak antzeztu ere egin zuelako. Hilabete luzez entseguan egon ostean, lana aurkezteko momentuan ez zuten kale egin eta lagun eta familiaz inguratuta errezitaldi polit eta hunkigarria egin zuten Amaia Antzokian.
Omenaldiak ere bai
Omenaldiek ere tartea izan zuten zapatuan eta hunkigarriena Jesus Maria Arce zuzendari ohiari egin ziotena izan zen. Lore-sorta bat oparitu zioten urteetan egindako lanaren errekonozimendu bezala eta txalo zaparrada jaso zuen.