Etxeko txikiek erabiltzen ez dituzten, eta egoera onean dauden, jostailuak eramaten dituztenei, txartel bat emango zaie eta ondoren txartel bakoitza beste edozein jostailugatik aldatzeko aukera izango dute.
ElkarTruke azokan baita
Azoka plazan egiten den ElkarTruke Azokak ekimen honekin bat egingo du, eta ohiko postuez gain, jostailuak biltzeko tokia izango da bertan.
ElkarTruke Azoka zapatuan izango da, goizeko 10:30etatik 13:30etara, eta 11:30etatik 13:00etara, jostailuak biltzeko txokoa egongo da. Esan beharrik ez dago, baina egoera onean dauden jostailuak besterik ez dira batuko. Gainontzeko tokietan bezala, hemen ere, jostailu truke merkatuan erabiltzeko txartelengatik trukatuko dira.
Jostailuak nora eraman?
Zapatuko ez ohiko trukea ez ezik, azaro eta abenduan zehar, jostailuak txartelegatik trukatzeko data eta toki ugari egongo dira, guztiak 17:30etatik 19:00etara: azaroak 26 (Arimazubi plazan), azaroak 27 (Santa Marinako ludotekan) eta azaroak 28 (Herriko plazan). Abenduan, ostera, 3an (San Antolingo parkean), 4an, (Usaetxeko ludotekan), 10ean (Santa Marinako ludotekan), 11n (Okendoko ludotekan) eta 12an (Arimazubi plazan) izango dira jostailuak jasotzeko egunak. Abenduko jostailu bilketa ere 17:30etatik 19:00etara egingo da.
Bilketak toki guztietan prozedura bera izango du. Gaztetxoek eroaten duten jostailu bakoitzarengatik txartel bat jasoko dute, eta truke merkatuan beste jostailu bategatik aldatuko beharko du txartel hori. Haurrak jostailu gehiago eroaten baditu, txartel gehiago jasoko ditu.
Jostailuak trukatzeko eguna
Jostailu guztiak batu, eta egoera onean daudela egiaztatu ostean, multzo ezberdinetan sailkatuko dituzte Txatxilipurdiko langileek. Horren ostean, truke egunaren txanda izango da.
Abenduaren 13an egingo dute truke merkatua, eta nola ez, Azoka plaza jostailuz beteko da. Ekimenarekin bat egiten duten haurrek kamioi, mahai jolas edo panpina berriekin bueltatuko dira euren etxeetara.