Lehen minutuetan aukera bat baino gehiago izan zuten etxekoek eta 13. minuturako 1-0 ziren aurretik, Jon Ander Ormaetxearen golari esker. Hegaleko sake baten ostean are barruan erori zitzaion aldaratze bat aprobetxatu zuen Ormaetxeak gola egiteko.
1-0ekoa egin eta berehala bigarrena egiteko aukera garbia izan zuten etxekoek; Gorka Erañaren barneraldi eder baten ostean, Zestoako atzelari batek zutoinera desbideratu zuen erdilari arrasatearraren erdiraketa.
Zestoaren erreakzioa
Hortik aurrera esnatu egin ziren zestoarrak eta parekatu egin zen norgehiagoka. Kanpokoek gora egiten zutenean arriskua sortzen zuten, etxekoen gabeziak agerian utziz. Izan ere, Mondrak asko hobetu beharko du defentsan denboraldi honetarako jarri duen helburua, mailaz igotzea, lortu gura badu. Mondra aurretik joan zen atsedenaldira baina bigarren zatiko lehen minutuan berdintzea lortu zuen Zestoak. Gol ederra; hegaletik egindako urrutiko erdiraketa baten osteko bigarren baloia bolea ikusgarri batekin sarera bidali zuen Zestoako jokalari batek. Banakoak min egin zion Mondrari eta orduan pasa zituen norgehiagokako minuturik txarrenak. Urzelairen mutilak baloia zutenean ez ziren gai jokaldiak lotzeko eta hainbat minututan bazirudien ez zegoela zelai erdirik. Baloi luzeak nagusi eta jabetzarik ez; Beñat Corcuera aurrelariak lan handia egin behar izan zuen goitik heltzen zitzaizkion baloiak jaitsi eta taldekideren bati emateko.
Partidua azken txanpan sartzera zihoala eta Mondrak arrisku handirik sortu barik, bigarren zatiko 33. minutuan heldu zen garaipenaren gola. Gorka Erañak hegaletik ateratako falta baten osteko aldaratzea aprobetxatu zuten sarrailagileek 2-1koa egiteko. Beste askotan kontra izan duen zortea aldeko izan zuen atzo Mondrak garaipena eskuratzeko. Zalegoak –aurreko urteekin alderatuz jende askotxo– epailearen hainbat erabaki kritikatu zituen.
Seigarren postuan dago orain Mondra, 14 punturekin. Liderra, Urola, bost puntura dago.